Nola da posible, ekoizle bati produktu bat ekoizteak 20 xentimo kostatzea, berari honegatik 10 xentimo pagatzea, eta kontsumitzaileak 50 xentimo ordaintzea? Non dago tranpa?
Ezagutzen dugu egunean (gutxienez) hirutan jaten ematen digunaren aurpegia? Nor da? Nola ekoizten du? Non?
Galdera hauek gure buruei pausatuta, zenbat gauza aldatuko genituzke? Zenbat lanpostu sortuko? Zenbat harreman (hartu eta eman) sortu? Nola hobetuko litzateke gure osasuna?
Iraungo duen iraultza lortuko genuke.
Eskualdea eraldatuko genuke, eta baratzetik platerera elikagaiak egiten duen bidearen jabe bihurtu. Ez genuke bi egunetan lortuko, baina bihar hasiko bagina, zer moduz?
Zorionez, gero eta kontzienteago gara bertako produktuak kontsumitzea garrantzitsua izateaz gain onura handiak ekartzen dituela sozialki, ekonomikoki eta baita ingurumenari dagokionez ere.
Sozialki, harreman justuagoak eta konfiantza-sareak sortuko genituzke. Jakinen genuke nork, noiz, non eta nola egiten dituen gure barazkiak, gure zerealak, gure haragiak, gure esnekiak, gure arrautzak, sagardoa…. Aurpegia jarriko genieke eta ezagutuko genituzke Jon, Lourdes, Ander, Patricia, Aitor, Miren, Mikel… Eta jakinen genuke, ordaintzen duguna haientzat dela. Bisitatu ahal izanen genituzke haien baserriak, ogi-tailerrak egin, errezeta goxoak egiten ikasi… eta abar!
Eta ez hori bakarrik! Bertako ekonomia bultzatuko genuke, lanpostuak sortu, ekintzailetasuna bultzatu, gure paisaia hobetu, ura, lurra, haziak… jakituria eta zainketei arreta eman… eta elikadura osasuntsu baten bidez, gu ere aunitzez hobe biziko ginateke.
Iraultza haundien edota gobernuen esperoan egon gabe, norberaren ohiturak aldatzetik hasi behar dugu, aldaketa ttiki aunitzekin lortuko baitugu iraultza. Guzti hau posible egiten laguntzeko, Bidasoaldea-Xareta alde honetan Bidazi elkartea dugu, herritarrok poliki-poliki aitzinera ateratzen ari garen proiektua. Leitzaldean ere LeitzEKOko lagunak ere hor dabiltza. Hurbildu eta ezagutu. Hasi iraultza zuregandik.