Egia da, gazteak (aunitz) bestazaleak gara, eta? Nork ez du besta egin gazte izan denean (eta ez hain gazte). Behin irakurri nuen bezala, bestak dira gazteon udako planingean markatuta izaten ditugun egunak, izan Lesakakoak, Berakoak edo edozein txokotakoak. Izan ere, bestak aprobetxatzen ditugu aspaldi ikusi ez ditugun lagunekin egoteko, jende berria ezagutzeko, ongi pasatzeko, eta abar luze bat... Baina hori bakarrik dugu burutan? Bertzalde, pandemia honen 'bigarren fasearen' errudun bezala gaituzte aunitzek. Hauen ustez ez baitugu arduraz jokatzen, ez baitigu deusek inporta.
«Seguru gazteok denaz paso egiten dugula? Ez dut uste»
Uda honetan ez dugu bestarik izan, eta beraz gure planing hori hankaz goiti jarri da. Honen aitzinean Lesakako hainbat adinetako gazteak Buruztanka Gaztetxean elkartzen hasi ginen, udako plan alternatibo bat egiteko asmoz. Eta gazteok kritika aunitz jasotzen baditugu, zer erran gaztetxeei buruz… «Lokal bat», «drogatzeko tokia», «desastre bat»… Ziur nago hau erraten duten aunitzek ez dutela gaztetxe bat zanpatu ere egin. Gaztetxe bat eremu libre eta autogestionatu bat da, gazteok helduen agindurik gabe gauzak egiteko gai garela erakusten duena. Eremu sozial, kultural, politiko…bat da, mila gauza burutu daitezkeen tokia, eta ez gazteok drogatzeko erabiltzen ditugun lokal zikinak. Honen adibide dira antolatu ditugun mendi irteerak, mus txapelketa eta mahai jokoak, pintxo lehiaketa, urriaren 12an, jai egun arrotza izaki, auzolana… Bidenabar, Buruztanka irekitzeko egin beharreko lanei berriro ekin genien gogotsu, eta horretan gaude oraintxe, azken txanpan. Lan hauek egiteko ez dugu helduen agindurik jaso, gure artean antolatu, lanak banatu eta bakoitzak ahal duena eginez egin diegu aitzin lanei, arduratsuak garenaren seinale. Honez gain, Lesakako Endara Bizirik plataformarekin elkarlanean mural bat egin genuen, aitzinera atera nahi den proiektu txikitzaile, kapitalista eta inposatzailearen aurka kokatuz. Honen harira, urriaren 2an Malerrekako eta Baztango gazte asanbladek Donezteben antolatu zuten Aroztegia eta gero zer? hitzaldira joan ginen, eta gazte kuadrilla ederra juntatu ginen han. Pozgarria izan zen gure eskualdeko hainbat gazte bertan bildu izana, gazteok kontzientziatuta gauden eta mugitzen garen seinale baita. Ez al da hau gure herriak eta herritarrek arduratzen gaituztelako? Seguru denaz paso egiten dugula? Ez dut uste.
Beraz, hau leitzen ari zaren gazte, gazte izateaz ez zaitez lotsatu, gazteok baikara herri honen oraina eta geroa. Tokian toki antolatu eta mugitu, proiektuak landuz! Animo!