Bizitzak vs kapitala

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Iantzi Etxarte 2020ko mai. 16a, 12:00

Dozenaka dira Covid 19aren inguruko teoriak, baina ez naiz horretan sartuko, eztabaida hau luze bezain konplexua baita. Garbi dago birus honek gure herriaren bizitza ekonomiko, politiko eta sozialean eragina izan duela, osasunetik harago. Batzuek diote Covid 19a ez dela horren arriskutsua, gripe soil batek Covid 19ak baino hildako gehiago eragiten dituelako. Datuak hor daude eta hala izan daiteke, baina Covid-aren arazoa ez da honen hilkortasuna, kutsagarritasuna baizik. Hain erraz kutsatzen denez, osasun publikoaren saturazioa ekar dezake, jende askoren artatzea zailduz edo zuzenean ezinezko bihurtuz. Hala ere, honek zer pentsatu ematen du burgesiaren interes ekonomikoen mesedetan azken urteotan egin diren murrizketetan (osasungintza barne).

Birusaren arriskua erraz kutsatzea denez, denon hobe beharrez etxean gelditzeko eskatu digute, eta kanpora ateratzerako orduan hartu beharreko segurtasun neurriak eman dizkigute. Egoera honen aitzinean, hainbat alderdik eta sindikatuk, EH Bilduk eta LABek tartean, «konfinamendu totala» aplikatzea eskatu zuten, langileon bizia burgesiaren interes ekonomikoen gainetik jarriz. Baina noski, ideia hau ez zen ongi etorria izan, bertzeak bertze, EAJ-PNVn, langileok etxean gelditzen bagara produkzio ekonomikoa eteten baita, eta Urkulluk garbi utzi zuen «koma ekonomiko» hori ez zaiela interesatzen. Enegarren aldiz garbi utzi zuten Euskal Herritarron bizitzak bost axola zaizkiela, euskal herritarron lan indarra bertzerik ez zaiela axola, beraien sakelak gure izerdiz betetzeko.

Bertzetik, hainbat zaintza sare sortu dira Euskal Herri osoan zehar, birusaren aitzinean ahulenak direnei laguntzeko asmoz, eta boluntario andana karrikak desinfektatzen ari da. Espainiar Estatuari militarren beharrik ez dagoela erranagatik ere, Marlaskak adierazi zuen Euskal Herrira militarrak etorriko zirela desinfekzio lanak burutzera. Dirudienez Covid 19ak sortutako krisi hau fusilen bidez eta «Viva España!» oihukatuz konpondu nahi dute, eta ez segurtasun eta osasun baliabide gehiago eskainiz. Oihu hauek argi utzi dute okupazio militar honen helburua espainiar nazionalismoari gorazarre egitea dela eta bidenabar, Euskal Herritarron gaineko kontrola handitzea.

Azkenik, garbi dago egoera honek betikoak kaltetuko gaituela, eta betikoek etekin ekonomikoak aterako dituztela. Komertzio eta enpresa ttikiak ixtera behartuta egonen dira, langileon egoera ekonomikoa zein lan baldintzak okertuko dira eta kaleratzeak izanen dira. Honi esker enpresa multinazionalak aberastuko dira, langileon miseriaz.

Egoera honek bi aukera uzten dizkigu: bizitzaren eta euskal langileriaren alde borrokatu edo, kapitalaren alde jarri interes ekonomiko burgesei men eginez. Gorago ikusi bezala batzuk aukeratu dute. Eta zuk zer diozu? Bizitzak ala kapitala?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun