Eztabaidarako aukera

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2020ko abe. 28a, 09:00

Marshall McLuhanek zioenez, komunikabidea da mezua. Zurrumurruen Aurkako Sarean, neurri batean bat gatoz tesi honekin. ZAS! sareak sinesgarritasuna transmititzen duen komunikabidea izan nahi du. Beraz, goiburuan ZAS! agertzea errealitatea islatzearen bermetzat jo dadila nahi du. Baina mezuaren edukia ahaztu gabe.

Garai txarrak dira munduan aniztasunaz eta arrazakeriari aurka egiteaz eztabaidatzeko. Arrazakeriaren aurkako borrokaren protagonista izan diren erakunde, entitate eta pertsonen artean, hainbat ikuspegi daude, bai eta nolabaiteko nahasmendua ere. Neurri batean, eta migrazio-prozesuen ondorioz, eragile berriak agertu dira borroka honetan, eta arrazakeriaren aurkako mugimendu tradizionalenari atzerapauso bat emateko eskatzen diote, borroka horien protagonismoa pertsona arrazializatuek har dezaten. Mugimendu feministan bezala, kontua da baztertutakoen eta mendekoen ahotsak entzutea, eta haiek berek azaltzea, egoera horretatik, beren bazterketa- eta menderakuntza-prozesuak.

Aldarrikapen hori bidezkoa da, eta aintzat hartu eta orain arte egin ditugun gogoeta tradizionalenetan sartu behar dugu, baina ez du ordezkapen-prozesu bat izan behar, ez dugu “bat kendu behar, haren tokian geu jartzeko”, baizik eta eztabaida bat zabaldu behar dugu, konbergentzia-puntuak aurkitu ditzagun, eta puntu horietan esperientziek ez dezaten bazterrean utzi prozesu sozial, ekonomiko eta politikoen azterketa lasaia. Mesede eskasa egingo diogu arrazakeriaren aurkako borrokari, baldin eta, hizkera identitario batean tematuta, historikotzat eta kontingentetzat jotako guztiari esentzia berria ematen badiogu.

Eztabaidaren une honetan –batzuetan, nahiko garratza eta zakarra–, ZAS! sareak soseguz egin nahi du bere ekarpena, sinetsirik komunikabide sinesgarria bihurtuko dela, bere mezuak ahalik eta modurik zuhurrenean deskribatzen duen heinean zer-nolako errealitate konplexu eta askotarikoa bizi dugun.

Andrea Ruiz Balzola

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun