Nork zaintzen du zaintzen duena?

Erabiltzailearen aurpegia Ane Intxausti Lasarte 2026ko maiatzaren 3a

Udaberriko lehen egunarekin batera atera zuten mundura gure alaba. Diot atera, ez zelako bera etorri. Eta ez nuelako ekarri nik. Bera ez zegoen prest jaiotzeko, eta ni ez nengoen erditzeko prest. Baina ez genuen beste aukerarik izan, bion hobe beharrez.

Nahiz aurretik behin baino gehiagotan amestu izan nuen momentu horrekin, ez nuen sekula imajinatu izan ondoren gertatuko zen guztia. Jaio zen bezala, nire besoetatik hartu eta neonatologiara eraman baitzuten, bertan ingresatuta uzteko.

Erditu eta erdibitu egin nintzen egun berean. Plantara eraman eta gelan sehaskarik ez zegoela ikusi nuenean. Erizainek ohetik altxatzeko baimena eman bezala, neonatologiako plantara jaitsi eta alaba lau kristalen artean ikusi nuenean. Eta handik gutxira, alaba ospitalean utzita etxera bueltatu behar izan genuenean. Bitartean, zorion mezuz beteta nuen mugikorra. Baina negarra besterik ez nuen egin nik egun horietan guztietan.

Ez dut gogoan jada zein zen egiteke nituen gauzen zerrenda hau dena pasa aurretik. Ezta zerk kentzen zidan loa ere. Gogoratzen dudan bakarra da ordurarte erdigunean zegoen oro beste plano batetara pasatu zela kolpetik. Denbora gelditu izan balitz bezala, bizitza gelditu izan balitz bezala. Bat-batean, inkubagailu baten barruan hasi eta bukatzen zen bizitza. Eta ez ninduen deusek mugiaraziko inkubagailu ondoko aulki hartatik. Baina denbora ez zen gelditu, ezta bizitza ere, eta ezin izanen nuke gelditu inkubagailu ondoko aulkian alaba zaintzen nire ingurua ni zaintzeko gelditu izan ez balitz.

Nik nire alaba zaintzen nuen bitartean, bere alaba zaintzen zuen nire amak. Ospitalera eramateko esnea prestatzen nuen bitartean alaba bizkortu zedin, ospitalera eramateko tuperrak bidaltzen zizkidan amak bere alaba indartzeko. Gauean etxera iritsi ordurako ere, afaria prest izaten genuen etxeko atean zintzilik, oraindik beroa, nire anaiaren joanetorrietako bakoitzari esker. Eta aitak egunero deitzen zigun bizpahiru aldiz zerbait behar ote genuen galdetuz, edozertarako prest.

Lagunak, berriz, puskatu nintzen bakoitzean agertu ziren zatietako bakoitza biltzera, soinurik egin gabe. Espazio seguru bat eskainiz zaurgarri agertzeko, puskatu ahal izateko behar nuen sostengua. Une batez dena askatu eta inkubagailu aurrera berriro osorik bueltatu ahal izateko. Hitz egin nahi nuenean entzun, eta isilik egoteko beharra nuenean ulertu eta errespetatuz. Nahiz egunak pasa ditudan mezurik erantzun gabe, eta oraindik ere mordoa dudan erantzuteke. Zuek denongatik izan ez balitz, ezin izanen nuelako dena alde batera utzi eta inkubagailu aurrean eseri, bizitza bertan hasi eta bukatuko balitz bezala. Denbora gelditu izan balitz bezala. Maite zaituztet.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun