Uda

Erabiltzailearen aurpegia Ane Intxausti Lasarte 2025eko irailaren 7a

Uda bere azken hondarretara iristen ari da. Tenperaturen jaitsierarekin batera egunak gero eta motzagoak bilakatuko dira. Hondartzetako txiringitoek pertsiana jaitsiko dute hurrengo urtera arte eta aireportuetako itxarongeletan berriro ere eserlekuak ikusiko ditugu libre. Txarangak bere azken piezak joko ditu herriko festetan eta txoriek ihes eginen dute toki epelagoen bila. Txirrin hotsa bueltatuko da eskoletara eta parkeak bete eginen dira berriro ere.

Batzuentzat opor garaia izaten da uda, deskonexio garaia. Eguraldi onarekin batera bidaiatzeko eta esperientzia berriak bizitzeko garaia. Udako gau amaigabeez gozatzeko momentua. Urte osoa lanean pasa ondoren merezitako deskantsua. Beste batzuentzat, aldiz, urte osoan zehar lan karga handieneko momentua izaten da uda. Amaigabeko lanaldiak, tentsio eta estres handiko jardunak, lorik gabeko gauak eta beste hamaika buruhauste gehiago.

Izanen da uda honetan lehen muxua eman duenik urtero gurasoekin oporretara joaten den herrian. Eta udari «hurrengo urtera arte» esan dion bezala, udarako maitaleari ere «hurrengo urtera arte» esan behar izan dionik bihotza txiki-txiki eginda. Izanen da uda honetan azken muxua eman duen bikoterik ere. Errutinaren zurrunbilotik ihes egin ondoren jada elkarren errutinaren parte besterik ez direla ohartuta. Hainbeste urteren ondoren, elkarri begiratzeari aspaldi utzi ziotela ohartu direnik udarako gau luzeetan. Eta udaren azken hondarrekin batera joanen dira gelditzen ziren hondarrak.

Izanen da uda honetan lehen aldiz bainujantzia jartzera ausartu denik. Urte askotan zehar bere gorputza arropa beltz, luze eta zabaletan gorde duenik hondartzako pasealekuan. Hondarrik zapaldu gabe. Baina aurten bainujantzi berriarekin zapaldu duenik. Beldurrez, baina harro. Eta izanen da lehen aldiz gizartearen presioa sentitu eta, ondorioz, bainujantzia armairutik atera ez duenik. Nahiz inoiz ez duen gorrotorik sentitu bere gorputzarekiko, kalean egin dioten komentario batek aldatu dio begirada. Oraindik badelako besteen gorputzen inguruan hitz egin behar ez dela ulertzen ez duenik.

Izanen da bizitza berri bati ongietorria eman dionik uda honetan. Eta begi txiki batzuetatik mundua deskubritzen hasia dena. Ezagutzen ez zuen mundu bat. Ezagutzen ez zituen erritmo eta pausak. Errutina eta denborak. Zoriontasuna eta nekea neurri berdinetan. Eta izanen da lehenengoz hutsune baten zama sentitu duenik. Udarako egunik beroenean ere hotz izan du etxean. Luze joan zaizkio urteko gaurik motzenak.

Uda ez da sare sozialetan ikusten dena. Edo erakusten dutena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun