Beste topiko bat...

Erabiltzailearen aurpegia Ane Intxausti Lasarte 2025ko ots. 16a, 09:30

Maitatua izateko, nork bere burua maitatu behar du lehenik

Ezinezkoa da bere burua maite ez duen inor maitatu ahal izatea. Eta ez da posible norbaitekin harreman osasuntsu bat eraikitzea nork bere buruarekin duen harremana osasuntsua ez bada. Zeure burua maite duzun moduan maiteko baitzaituzte ondoren zu. Eta zeure burua tratatzen duzun bezala tratatuko baitzaituzte gero. Nola maitatuko zaitu ba beste inork, zu zeuk ere ez baduzu maitatzen zeure burua? (…) Zenbat aldiz entzun dugu diskurtso hau?

Bai, badakit. Garrantzitsua da nork bere burua maitatzea, nork bere buruarekin harreman osasuntsu bat eraikitzea. Eta prozesu horretan, eraikuntza lan horretan, ezinbestekoak dira bi pilare: autokontzeptua eta autoestimua. Nork bere buruarekiko duen pertzepzioari autokontzeptua deitzen zaio, eta autoestimua esaten diogu nork bere autokontzeptuaren inguruan egiten duen balorazioari. Azken balorazio honek definituko du geure buruarekiko sentitzen dugun maitasuna. Beraz, geure burua maitatzeko eta geure buruarekin harreman osasuntsu bat eraikitzeko ezinbestekoak izanen dira autokontzeptua eta autoestimua.

Beti ez da posible izaten, ordea. Eta hau gertatzen denean, nork bere ezaugarriak baliogabetu eta boligrafo gorria aterako du akatsen bila. Nork bere buruarekiko duen konfiantza, segurtasuna eta esperantza galduz. Goitik behera… nahasmenduen sotoraino, agian. Antsietate anderea edota depresio jauna ezagutzeraino. Eta jaun-andre hauekin ezinezkoa da hartu-eman osasuntsu bat eraikitzea, hartu besterik ez baitute egiten hauek. Ezin esan, beraz, erraza denik nork bere burua maitatzea gauzak horrela perzibitzen direnean.

Baina geure buruarekiko dugun pertzepzioak ez du zertan besteek gurekiko duten pertzepzioaren berdina izan. Besteek gurekiko duten pertzepzioaren inguruan eginen duten balorazioak guk gurearekiko egiten dugunaren berdina izan beharrik ez duen bezala. Edo laburrago esanez: besteek gurekiko pentsatzen dutenak ez du zertan guk gurekiko pentsatzen dugunaren berdina izan. Aho korapiloa dirudi, baina pertzepzioaren subjektibotasuna deitzen da.

Hortaz, nork bere buruarekiko duen pertzepzioa da funtsa, eta besteei dagokienean ere horrela izanen da. Beraz (eta hasierara bueltatuz), ezinezkoa al da bere burua maite ez duen inor maitatu ahal izatea? Ez. Besteek gurekiko duten pertzepzioak ez duelako zertan guk gurekiko dugunaren berdina izan.

Ondorioa: maitatuak izan gaitezke geure burua maite ez dugunean. Maitatuak izateko eskubidea dugu geure burua maite ez dugunean. Gehien behar dugunean, alegia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun