Lagun ikusezina

Erabiltzailearen aurpegia Ane Intxausti Lasarte 2024ko uzt. 21a, 09:30

Gaur ere ez du ia lorik egin. Egunak, asteak, hilabeteak daramatza begirik bildu gabe. Gauak pasatzen ditu ohean bueltaka, lo hartu ezinik. Gauak buruari bueltaka, itzali ezinik. Horrela igarotzen dira orduak, alarma hotsa entzuten duen arte. Beste egun bat.

Gaur ere nekatuta dago. Energia izpirik gabe. Baina lortuko du beste behin eguna bukatzerako bere eginbehar denak betetzea. Modu automatikoan, pentsatu gabe. Pentsatzekotan, ohetik jaikitze hutsa ere bi aldiz pentsatu beharko lukeelako. Eta hala ere, gogoz kontra jaiki.

Kalte egiten dio jaten duen guztiak. Kalte egiten dio hanburgesak eta kalte egiten dio frutak. Pizzak eta porru patatak. Kafeak eta zukuak. Badirudi zerbait esan nahi diola sabeleko burrunbak, baina ez du ulertzen zer. Egun osoan zehar entzuten duen arren.

Kezkatuta dago, erabat. Gertatu diren gauzengatik, gertatzen ari diren gauzengatik, gertatuko diren gauzengatik. Gertatu ez diren gauzengatik, gertatzen ari ez diren gauzengatik, gertatuko ez diren gauzengatik. Gerta zitezkeen gauzengatik, gerta daitezkeen gauzengatik, gerta litezkeen gauzengatik. Keztatuta, beti. Nahiz gehienetan ez duen jakiten zerk sortzen dion kezka. Ezinegona. Estutasuna.

Estutzen zaio lehenik sabela, bularra ondoren, eta azkenik arnasa. Mina sabelean. Mina bularrean. Buruan. Giharretan. Kosta egiten zaio arnasa hartzea. Itolarria. Zorabioa. Botagura. Angustia. Larrialdietarako pilula. Berrabiarazten…

Egunero egiten zuen negar lehen. Azaleko arrazoi batengatik, batzuetan. Arrazoi sakonago batengatik, besteetan. Arrazoi desberdinengatik, beste batzuetan. Eta arrazoi kontzienterik gabe, noiznahi. Negarrik ez egiteko pilulak hartzen ditu orain, sentitzeari uzteko pilulak. Goizean goiz, jaiki orduko. Gosariarekin batera.

Nahiz lehen egunetan pilula hartu behar izateak sortzen zion negarra, orain pilula bera da negarra eragozten diona. Baita egiteko beharra sentitzen duenean ere. Emozio guztiak lokartzen baitizkio. Heldu funtzional bat izaten jarraitzeko ez da beste biderik eta momentuan.

Funtzionatzea baita bere helburu nagusia, nola edo hala. Eguna bukatzerako bere betebehar eta eginbehar guztiak betetzea. Arrastaka bada ere. Ezin dio bizitzaren arrapaladari ihes egiten utzi. Ezin beste baterako utzi.

Orain ez bada ez delako izanen. Baina denbora badoa, eta ez da iristen. Eta estutzen zaio sabela, bularra, arnasa. Mina sabelean. Mina bularrean. Buruan. Giharretan. Itolarria.

Gaixo dago, baina ez da ikusten. Antsietatea da bere lagun ikusezina. Antsietatea da nire lagun ikusezina.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun