Ardura afektiboa eta harremanak

Erabiltzailearen aurpegia Ane Intxausti Lasarte 2023ko abe. 30a, 08:30

Ardura afektiboa da gure ekintzek besteen emozioetan eragina dutela asumitzea. Egin edota esaten dugunak. Beste pertsonaren mundu emozionala kontuan hartzea, jakinik zurearengandik oso desberdina izan litekeela.

Ardura afektiboa da beste pertsonekin eraikitzen ditugun loturek zaintza inplikatzen dutela jakitea. Eta noski, kontuan hartzea. Garbi esatea zein diren zure intentzio eta espektatibak. Limiteak jartzea, elkar errespetatu eta ez mintzeko elkar. Eta hori gertatzean, komunikatzea. Hori dena da ardura afektiboa. Elkarrizketak izan, adostasunetara iritsi, elkar errespetatu, komunikatu. Zaindu.

Denbora eta esfortzu handia eskatzen duen lana da harreman osasuntsuak eraikitzea. Eta badirudi ez gaudela guztiok prest lana eta denbora eskatzen duen zerbait eraikitzeko. Egun dena baita hain efimeroa... Ordu pare bat irauten digute pertsonek. Egun batzuk, agian. Etengabe nekatzen gara denaz eta ez gaitu ezerk asebetetzen… Beti pentsatzen dugu zerbait hobeagoa dagoela hor nonbait, han kanpoan, zain. Gure zain. Zoriak gure bidean noiz jarriko zain. Eta gu, bitartean, bila. Bere bila. Nahiz ez jakin zehazki zer den bilatzen dugun hori. Dakiguna da aurkitu egin beharra dugula. Gure laranja erdia. Gure barne huts bizigabe hori beteko duen norbait. Edo bakardadearen mamua txikiago eginen digun norbait. Nork daki. Ez du axola. Behar dugu. Zerbait hobea behar dugu.

Eta hainbeste amestutako hori bilatzen dugun bitartean… soilik gure fantasian bizi den hori bilatzen dugun bitartean, pertsonak kontsumitzen ditugu. Bidean topatzen dugun oro. Noizbait, egunen batean, asebeteko garen itxaropenean. Baina ez gaitu ezerk asebetetzen. Eta kontsumitu bezala, bazterrera botatzen ditugu ustez zerbait hobea topatzen dugunean. Inongo gupidarik gabe. Desagertu egiten gara, ihes egiten dugu, azalpenik eman gabe. Dagokigun ardura gure gain hartu eta gertatu zaigun hura beste pertsonari komunikatzea baino errazagoa da, egia esan. Esfortzu handiegia. Denbora gehiegi.

Gainera, bikotekiderik ez badugu huts egin dugula esaten digu gizarteak. Ez garela pertsona osoak. Laranja erdiak baizik. Eta guk sinistu egiten dugu. Eta ez da egia. Egia hemen dago: Ez da harreman osasuntsurik ardura afektiborik gabe. Esfortzurik gabe. Denborarik gabe. Benetako maitasuna ez da bilatzen. Eraiki egiten da. Elkarrizketak izanez, adostasunetara iritsiz, elkar errespetatuz, komunikatuz. Zainduz.

Honako hau esan zidan nire psikologoak azken kontsultan: terapiara etortzen diren pertsonek terapian egin behar izaten duten lanketetako bat izaten da… terapiara etortzen ez diren pertsonak nola gestionatu ikastea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun