Soilik horrela

Mundura etorri berria zara eta zein ote naizen galdezka ariko zara seguruenik. Kaixo, txiki. Ni naiz, gizartea. Zatoz nire besoetara. Galduta sentituko zara, ezta? Noraezean. Lasai, horrela iristen zarete denak... Zatoz, jarrai nazazu. Ez beldurrik izan. Nik erakutsiko dizut bidea.

Lehen urteetan ez duzu betebehar handirik izanen. Memoria izaten hasten zarenerako haur eskolan igaroko duzu egunaren zati handiena (ez dut denborarik galduko orain arteko guztia kontatzen, ez duzu gogoratuko eta). Etapa honetan garrantzitsuena aitatxo eta amatxok esandako guzti-guztia betetzea izanen da. Denetarik jan, jarraian egin lo gau osoan eta txintxo portatu. Batez ere, txintxo portatu.

Haur eskolatik eskolara eramanen zaituzte eta eskolatik institutura joanen zara. Hemen ere garrantzitsua izanen da aitak eta amak esandako guzti-guztia betetzen jarraitzea. Gauza asko memorizatuko dituzu, eta haietako batzuk ikasi ere bai. Ez hitzik egin irakasleak hitz egiten duen bitartean, etxeko lanak egin, dena gainditu eta, berriro ere, txintxoa izan.

Institutuko azken urtea amaitzean unibertsitatera eginen duzu salto. Orain, adi: lau urte hauek zure bizitzako urterik onenak izan beharrak dira. Tarte honetan ere klasera joaten jarraituko duzu, liburu potolo-potoloak memorizatuko dituzu eta azterketa gehiago egin. Lagun berriak eginen dituzu, gidabaimena atera, parranda gehiago egin eta zure bizitzako maitasuna ezagutuko duzu. Garrantzitsua da aipatutako hori guztia lau urte hauetan egitea. Zure ardura izanen da nola kudeatu, baina horrela behar du izan. Ondoren ez duzu izanen horretarako denborarik, eta, gainera, beranduegi izanen da.

Unibertsitatea bukatu bezain laster aurkituko duzu amestutako lanpostua, eta bertan pasako dituzu eguneko ordu gehienak erretiroa hartu bitartean, oraindik ordaintzen hasi ez zaren etxebizitza ordaintzen hasi ahal izateko hogeita hamar urteen langara iristean. Garrantzitsua da hogeita hamar urteen langa. Lehenik etxe bat erosiko duzu, unibertsitate garaian ezagututako zure bizitzako maitasunarekin ezkonduko zara ondoren, auto moderno familiarra erosiko duzu gero eta bizpahiru ume izanen dituzu azkenik. Ordena errespetatuz.

Honaino iritsita gutxi gehiago izanen duzu egitekorik bizitzan. Baina ez kezkatu, azkar pasako zaizu eta. Modu automatikoa aktibatuta izanen duzu ordurako eta inertziaz jarraituko duzu errutinaren arrapalada. Pentsatu beharrik izan gabe. Ez al da zoragarria?

Gogoratu, txiki: horrela, soilik horrela, izanen duzu arrakasta bizitzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun