Tximuaren hori ez zuten herritarrarentzat berarentzat idatzi, noski. Eta ez zuen inork berarengan pentsatu ere ohar horren argazkia sareetan zabaldu zenean. Hemen jaioa da JR. Azal zuria du JR-k. Zuri-zuria. Puru-purua. Hemengoa da.
Bera da hemengoa. Ez bere emaztea. Hamabost urte daramatza herrian bizitzen, baina kanpotarra da. Hangoa da. Ez da hemen jaioa. Ez du azal zuria. Ez du. Ezta bere familiak ere. Ez dira hemengoak. Horregatik ez zuen inork JR-rengan pentsatu ohar hori irakurtzean. Sorpresa?
Jakin, badakigu diskurtsoa, berez. Guztiok garela berdinak, inor ez dela inor baino gehiago, guztiok dauzkagula eskubide berak, azal koloreak ez gaituela desberdin egiten... Denok dakigu hori. Bai, ezta? Badakigu. Edo berez bai. Hori ikasten dugu. Eta umetan Gazteleran ikasitako preposizioen zerrenda bezala errezitatzen dugu ondoren. (Nahiz gero margoen kaxan gure azal koloreari deitzen diogun «haragi kolorea»). Eta sinetsi ere egiten dugu benetan horrela pentsatzen dugula.
Edo hala izaten da, behintzat, norbait seinalatzeko ordua iristen den arte. Aukeratu edota errua banatu behar dugun arte. Orduan, bai. Azkar hasiko gara bereizketak egiten. Azkar bereiziko ditugu kanpoko eta bertako. Hemengo eta hango. Onak eta txarrak.
Erosoagoa delako kanpokoa epaitzea. Hemen eta hemengoekin bizi den baina beste edozein kondiziogatik hemengo sentitu ez eta beti «hango» esanen diogun hori. Hemengo hangoa. Begirada «han» jartzeak norbere burua perspektiba horretatik atera eta epaiketatik kanpo uzten duelako. Zaparrada hemen hastean, berriz, lur bustiaren usaina sentitzen dugu etxeko leihotik. Jasak aterkirik gabe kalean harrapatzen gaitu beste batzuetan ere. Eta bustita ibiltzea ez zaio inori gustatzen.
Badirudi ohar hori idatzi zuenak berak dabilkiela ekaitzik handiena barnean, nonbait. Eta ekaitza ari duenean wifia joaten den moduan joan zaiola neuronen arteko konektibitatea honi ere.
Animalia inteligentea da tximua. Bere gorputz-adarrek zuhaitz batetik bestera mugitu eta enbor berriari tinko eustea ahalbidetzen diete. Maite dute askatasuna. Baita nik ere. Eta maite ditut tximuak.