Hartu gabeko kafeak

Erabiltzailearen aurpegia Ane Intxausti Lasarte 2022ko mai. 29a, 08:30

Galdu duzu jada zor dituzun kafeen kontua. Baiezkoa eman eta inoiz hartu gabekoena. Hozten utzitako guztiena. Hozten utzitako harreman guztiena. Urteen joanak garestitu egin baitu kafea. Garestitu ditu harremanak.

Hasiera batean «harremanen zirkulua» zenak kono itxura hartu du orain, eta konoaren pareten moduan estutu zara zu ere. Zorroztu, zu ere. Selektibitatea egin zenuenetik gero eta selektiboagoa zara, eta autolaguntza liburuek ezezkoa esaten irakatsi zizuten. Baita ikasi ere. Lehen baiezkoa ematen zenuen pentsatu gabe, eta orain pentsatu egin behar duzu baiezkoa eman aurretik.

Errutina hitzari ere zorroztu egin zaizkio ertzak, eta gero eta karratuago sentitzen duzu orain. Karratutasun hori klaustrofo-biko bihurtzeraino. Harrapatuta zaude. Ikasketak, lana, etxea. Egin beharreko bost otordu eta edan beharreko bi litro ur. Kirola, egunero. Gutxienez ordubetez. Eta hori dena egiten ez baduzu, zure osasuna inporta ez zaizun seinale. Axolagabe hori. Bio, eco, fit, light. Zero.

Debekatuta dago deskantsatzea, denbora hori produzitzen pasako ez duzun denbora bihurtuko delako. Ez okurritu ere, hortaz, gelditzerik. Eguna hasten denetik bukatzen den arte produzitzea behar duelako izan zure helburu nagusia. Berdin du zer, baina produzitzea. Produktiboa izatea. Zertan, baina? Berdin du. Baina produzitu. Segi. Benga.

Aste osoa pasatzen duzu asteburua noiz iritsiko zain. Ikasten, asteburua noiz iritsiko zain. Lanean, asteburua noiz iritsiko zain. Asteburua, zortea duzunean. Eta egun librea prekarietateak bere egin zaituenean. Zain. Beti zain. Halako batean, hainbesteren ondoren, iristen da eguna eta, azkenean... ez. Azkenean ez duzu ezer egiten. Nekatuegia zaudelako. Eta aste osoan izanen duzun egun libre bakarra deskantsatzen pasa beharko duzu ondoren etorriko diren beste sei egunetan ahalik eta gehien, ahalik eta hobekien eta ahalik eta efizienteen produzitu ahal izateko.

Eta orduan, soilik orduan, etortzen zaizkizu burura hartu gabe utzitako kafe guztiak. Baiezkoa eman eta inoiz iritsi ez zirenak. Zorpean utzitako guztiak. Hozten utzitakoak. Harremanak. Zure errutinaren karratutasunetik kanpo geratu ziren harreman guz-
tiak. Edo hala utzi zenituenak. Erabakita, edo ez. Ikasten, lanean, etxean. Eguneroko frenetiko horren bueltan ikusten ez dituzu-nak, edota tokirik ez dutenak. Falta dituzunak. Eta ezezkoak.

Topo egin zenuten azken aldian kafe bat hartzeko geldituko zinetela esan zenioten elkarri. Hori izan zen hitz egin zenuten azkeneko aldia. Nahiz batzuetan gogoratzen duzun arnasa dela bera, ahaztu egiten zaizu bestetan. Arnasestuka bizi zarelako.

Kafea, izatez, egunero hartzen duzulako. Bat, bi... batzuetan hiru. Denbora da hartzen ez duzuna. Kafe hori konpartitzeko. Arnasa hartzeko. Bizitzeko.

...

Kafe bat?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun