Seguru aski, plazara eta ingurura moldatzeko nahia eta beharra izanen da aldaketa hori egiteko arrazoietako bat. Haur denboran edo gizarteratzeko eredu bila gabiltzan garaian bederen, inguru hurbilenean zer ikusi eta aditu, huraxe ikasten eta egiten baitugu.
Inguruko sentimendu kolektibo edo elkarrekintza indartsurik ez duen edozein gintzatan, aitzinera egiteko aukerak ikaragarri murrizten direla garbi dago. Erdara aditzen den plaza eta karrika batzuetan, batzuk etsi-etsian itxekitzen zaizkio hari, arront mordoilo ari-eta ere. Bertze aunitzek, berriz, euskara eskolako gauza bertzerik ez dela pentsatuko dute, bizitzako hainbertze kontutarako balio ez duena. Hasiko dira erdaraz behar horiek guztiak betetzen, lagun arte, bikote harreman edo lantegietan.
Euskarari egunerokoan paratzen dizkioten bertzelako trabak inola ere atzendu gabe, belaunaldiz belaunaldi etxean eta plazan transmititzeko moduan asmatzea ezinbertzekoa dela iruditzen zait. Horretan nola ari ote garen? Kontesta prest duenak bota dezala.
«Euskararekiko motibazio eta kontzientziazio eskasa duenari, ez zaio egiteko beharrik aisa eginen; ezta hartarako senik ere»
Aspaldi xamar sena duenari dario erramoldea bota zuen lagun zahar batek. Kar kar kar. Euskaraz bizitzeko gogoa dutenak eta ez dutenak, gogobeteak eta gogogabetuak bereizten zituen, giltza edo koxka barrenean garatzen den senaren baitan dagoela erran nahizik bezala. Hark ere izanen zuen arrazoi pizarra. Garbi dago bertzetan asea heldu denak ez duela goserik ekartzen. Euskararekiko motibazio eta kontzientziazio eskasa duenari, ez zaio egiteko beharrik aisa eginen; ezta hartarako senik ere. Ez du euskaran ongi izaterik, atseginik edo sortzeko gozamen aunitzik bilatuko. Ez du zainduko eta ez du euskaraz eginen harat-honata.
Bizitu egin behar baita, euskarak ematen duena eta euskarari itzultzen zaionaren arteko bortxinga horrek nola elikatzen duen gogoa. Ulertu behar baita ahalegin handiz ikasten hasi eta arrats batean lehendabiziko aldiz euskaraz amets egin duenak zer sentitzen ahal duen. Hamaika arrazoi ttiki eguneroko esperientzia handi eta aberats egiten digutenak. Eta eskerrak oraindik zerrenda hori hagitz luzea edo luzeegia den, hemen eta orain idazteko.