Ziurtasunik gabe

Azken hilabeteetan, gure bizitza sakonki aldatu da koronabirus madarikatuarengatik. Beharrezkoak ez diren heriotzak, gure maiteekiko kezka, kutsatzeko eta gaixotzeko arriskua, komunikazio eza, bakardadea, krisi ekonomikoa. Beste edozein krisi bezala, Covid19ak gure gizartearen onena eta txarrena atera du.

Alde batetik, txikienak nola moldatu diren ikustea zoragarria izan da, ustekabeko heldutasunarekin, zaharragoei lezio bat emanez. Osasunbideko langileen ekintzak heroikoak izan dira. Beraien bizitza eta beraien familiakoena arriskuan jarriz milaka pertsonena salbatzeko, atsedenik gabe lan eginez. Jende arruntak ere keinu txikien bidez eskuzabaltasun handia erakutsi du: maskarak eskuz josiz eta bizilagunekin banatuz, erosketak edo afaria eginez bizilagunei, kontu-kontari gure helduak entretenituz. Zientifikoek ere lezio ederra eman dute: mundu osoko laborategiek bat egin dute birus iheskor hau aztertzeko, jada kutsatuta dauden gaixoei botikak emateko, eta txerto arrakastatsu bat lortzeko. Beste aldetik, akats asko ere izan dira, birus ikusezin honen ondorioak okertu dituztenak. Erabakiak beranduegi hartu dira, neurriak batzuetan gogorregiak, besteetan eskasak, eta askotan zentzugabekoak, koronabirusaren kasuak moteldu eta aldi berean ekonomia prekario hau nolabait mantentzeko. 

«Birusak gure bizitzan sortzen duen ziurgabetasuna hainbeste hitz egin ez den gai bat izan da»

Birusak gure bizitzan sortzen duen ziurgabetasuna hainbeste hitz egin ez den gai bat izan da. Egia da gure bizitzak beti nolabaiteko ziurgabetasun bat duela. Ez dakigu ze eguraldi eginen duen irailean, nork irabaziko duen hurrengo futboleko partidua, lan hori lortuko dudan edo ez... Hala ere, badira zenbait errutina gure egonkortasunean ziurtasun ematen digutenak. Baina birusak errutina eta ziurtasun horiek hautsi ditu. Ez dakigu noiz izanen dugun txerto arrakastatsu bat, noiz ikusiko ditugun urruti dauden lagunak eta senideak, noiz bueltatuko diren eskolara umeak eta irakasleak... Ziurgabetasun honek ikertzailearen lana eta bizia gogorarazten dizkit (eta ez naiz lan baldintzei buruz bakarrik ari!). Askok usteko dute zientzialariak ziurtasunera ohituta gaudela. Zientzia ziur-ziurra dela, zehatz-zehatza, baina ez. Zientziaren helburua errealitatea ahalik eta modu objektiboenean deskribatzea da. Baina objektibotasun hori eskura ditugun teknikek mugatzen dute. Horregatik, ikerlariak ziur gaude ziurtasun osorik gabe lan egiten dugula. Aldi berean, badakigu etsai ikusezin eta ezezagun bati aurre egitea oso zaila dela, bere hurrengo urratsak zein izanen diren aurreikustea ezinezkoa baita. Kasu zehatz honetan, apurka-apurka, Covid-19a sorpresaz beteta dagoela deskubritzen ari gara eta oraindik asko dugu ikasteko. Adibidez, birus hau, gu ohartu gabe, zabal daitekeela, eta kaltea ia itzulezina eta konponezina denean bakarrik ikus dezakegula. Hainbeste ziurgabetasunen artean, gauza bat daukat argi: ezjakintasuna birus hau baino okerragoa dela. AEBetan dugu horren adibiderik onena (edo txarrena).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun