Zer dira oporrak?

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Eskudero Bergara 2026ko abuztuaren 8a

Ekain bukaeran elkarrizketa xelebrea izan nuen ikasle batekin. Ea oporrak zer moduz galdetu nion eta berak ezetz, oraindik ez zela inora joan. Erantzun hark zer pentsatua eman zidan.

Mutil koxkor hark ez zituen opor gisa bizi eskolara joan gabeko egun haiek. Beretzat oporrak eta «norabait joatea» batera doaz eta ezinbestean galdera hau etorri zitzaidan burura: «zer dira benetan oporrak?». Harrezkero, «Nora zoaz oporretara?» galdetzen didatenean, nik beste batekin erantzuteko gogoa izaten dut: «Zer dira zuretzat oporrak?».

Batzuentzat oporrak deskonektatzeko dira. Berdin du non eta nola. Eguneroko errutinatik atera eta erlojuaren menpe egotetik askatzea bezalakorik ez dago. Herritik kanpo ateratzeak lagun dezake horretan, baina ez dut uste guztiz beharrezkoa denik. Bada inora mugitu gabe eta etxeko erosotasunean, goizean alarma gabe esnatzearekin nahiko eta sobera duenik, sekula bisitatu ez duen inguruko bazter batera joatea maite duenik edo herrian bertan turistarena eginen duenik. Baita aspaldi ikusi gabeko lagunekin lasai egoteko aukera aprobetxatuko duenik ere edo, besterik gabe, ezer berezirik ez egiteko baliatuko duenik. Modu batera edo bestera, horiek ere oporrak dira, ezta?

Lanik gabeko egunen inguruan bi korronte desberdinduko nituzke. Il dolce far niente filosofia italiarrak ezer ez egitearen plazeraz hitz egiten du. Egutegi beteak, produktibitatea eta «aprobetxatu beharra» alde batera utzi, eta kulparik gabe denbora pasatzen uztea esan nahi omen du. Deus ez egitea, alegia. Planifikatu gabeko plan perfektua askorentzat eta sekulako sufrikarioa beste hainbatentzat.

Izan ere, bidaia prestatzea bera ere, oporren parte bihurtzen dute bigarren korronteko parte diren horiek. Dena aurrez begiratu, antolatu eta hitzartua izan ohi dute eta ez zaie detaile minimoa ere eskapatzen. Ez beti, baina hauek askotan izaten dira oporrak erakusleiho bihurtzen dituztenak. Sare sozialetan erakusteko bidaia perfektuak izaten dira, argazki perfektuak eta plan perfektuak. Kontua da, batzuetan, planak deskantsuaren gainetik jartzen direla eta, ondorioz, askok estresatuta hasten dituzte oporrak: maletak, hegaldiak, ordutegiak, bisitatu beharreko zerrenda amaigabeak… eta batzuk joan zirenean baino oraindik ere nekatuago bueltatzen dira etxera.

Bakarrik, bikotean, lagunekin edo familian; nahi edo ahal duzunarekin. Agian oporrak horretarako dira: gure inguruko txokoak beste begi batzuekin ezagutzeko, urte osoan atzeratzen ditugun plan ttiki horiek egiteko edo, besterik gabe, gelditzeko. Ez dago opor mota bakarra, eta zorionez, ez dago oporrak bizitzeko modu zuzen bakarra ere.

Mendian, hondartzan, atzerrian, herrian bertan edo etxeko terrazan. Bidaia luze batean edo etxetik hamar kilometrotara. Urteko egun preziatu hauek goza ditzala bakoitzak bere modura. Azken batean, oporrak ez dira nora goazen, baizik eta nola bueltatzen garen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun