Eguraldia beti agertzen da lehenengo —«txarra omen dator»—, eta segidan mahai gaineko janariaren goraipatzea ere ezinbestekoa da. Nire gustuko gaien top 5ean «omen» gisako kontakizunak daude: «Halakok etxea erosi omen du; ez dakit zeinena omen zen eta ez dakit zenbatean jarrita omen zegoen». Omena edo susmoa bota duenak datu gutxi izan ohi ditu, eta gehiago biltzea izaten da asmoa. Eta azkenik, gehien gustatzen zaidan ondorengo bilakaera: omen batekin hasitako esaldiak omenaldi bihurtzen direnean. Garai zaharren erromantizazioa beti presente: «Jatetxe ederra izaten zen hura, pena itxi izana» edo «orduan bai mugimendua gure herrian, mila eta piko izaten ginen!».
Poz eta tristuren anplifikazioan oinarritutako egun hauetan, joandakoa hobea izaten da ia beti. Hobea ala okerragoa izan, joandako edo hustutako horrek otorduetako solasaldiez harago hartzen duen lekuak zer pentsatua eman dit. Gure herriak ez dira etxe multzo hutsak; bertan bizi diren pertsonen arteko harremanek osatzen dituzte. Baina batzuetan, bat-batean isiltasuna handitzen denean, barruan zerbait mugitzen da.
Gure herrian, behintzat, azken urteotan asko dira hutsik gelditu diren etxe eta baserriak. Horiei pertsiana jaitsi duten komertzio eta tabernak gehitu behar zaizkie, izan jubilazioagatik, errentagarritasun faltagatik edo errelebo ezagatik. Eta, azkenik, behar baino lehenago joandako lagunek uzten duten hutsunea dago. Parkeko kolunpio hutsa, motza deitu eta azkenean motzegia gelditu zaigun tabernako ibilbidea.... Eta Olaiak kantatzen duen bezala, «zer dira, ba, elkarguneak, daudenean hutsik?».
Etxe, lagun edo elkargune baten faltak ez du soinurik, baina pisu handia du. Hainbestekoa, hutsune hori presentzia bihurtzen baita. Pertsona bat falta denean, harreman sare oso bat ahultzen da: elkarrizketa bat gutxiago, zaintza-keinu baten falta, oroimen bat arriskuan.
Artearen begiradatik ikusiz, Eduardo Txillidak hutsunea ez zuen ezerezarekin lotzen, baizik eta formek eta materiak sortzen duten espazio aktiboarekin. Horrekin lotuta, herrian sortzen diren hutsuneek ez dute esan nahi jarduera edo esanahia erabat desagertu denik; egunerokoa berrantolatzera behartzen gaituzte. Jorge Oteizak hutsunea energiaz betetako espazio gisa ulertu zuen, prozesu baten emaitza gisa. Ikuspegi horretatik, herriko hutsuneek galera adierazteaz gain, aukera eta erronka berriak ere planteatzen dituzte. Galerak galdera hau dakar: Zer eginen dugu espazio horiekin? Nola bete gabe, bizirik mantendu?
Herriak oraindik hemen daude, ez lehen bezala, baina akaso kontzienteago. Hutsuneek erakusten digute zer zen garrantzitsua, eta zer izan daitekeen oraindik. Hori argituta, hurrengo otordu osteko elkarrizketetarako gai berriak planteatzera noa. Ea zer ateratzen den.