Joko honek pentsatzera eraman nau ea ba ote dagoen frontoirik ez duen herririk. Nik ez dut alerik ezagutzen. Are gehiago, ez dut irudikatzen halako herrietan non elkartzen diren umeak, euria egiten duen urteko 175 egunetan. Non antolatzen dituzten kontzertuak, nola moldatzen diren bertso saioak nahiz bazkari herrikoiak egiteko. Frontoiak osagai klabe gisa sailkatu ditut herri batek behar dituen piezen artean. Izan ere, ukaezina da eraikin hauek herri batean duten funtzio soziala herritarren elkargune gisa.
Gure herrian hiru frontoi ditugu. 1912a handikeria eta jauntxoen urtea izanen zen. Titanic itsasoratu zen urte berean eta transatlantikoak baino patu hobearekin, baten prezioan bi pilota plaza eraiki baitziren Goizuetan, herriko bi familiaren eskaera betez. Hau akaso kontua eta zikina izanen da, baina, biak ala biak nahi omen zituzten pilota partidak etxetik ikusi.
Herriaren beharretara egokitu eta 45 urteren buruan eraberritze aro bat hasi zen beste hainbat frontoitan bezala. Estalia eman zioten Lubineko frontoiari eta harmailak eraiki ikusle gehiago sartu ahal izateko. Ez zuen trataera bera izan Irisarriko pilota plazak, frontisa eta ezker paretarekin soilik geratu baita gaurdaino. Honen ondorio, pilotakadarik aspaldi ikusi ez eta kotxeen aparkaleku, egur loteen gordeleku, pintaden euskarri eta tabernako bezeroen terraza funtzioa egiten du gaur egun.
80ko hamarkada bukaeraz geroztik eskolak ere badu bere frontoia estalpe eta guzi.
Eta hau dena jakinda, ez da kasualitatea, izatekotan kausalitatea, hainbeste pilotari eta izen handi atera izana herri honetatik. Hauei inongo meriturik kendu gabe, ausartuko naiz esatera, pilota eskolak eta herriko eragileak garaian garaiko beharretara zuzen egokitu izanak pisu handia izan duela gure herrian hainbesteko pilota zaletasuna izateko alde batetik, eta bestetik, hainbat ekitaldi antolatzeko aukera sortzeko.
Herritar boluntario hauei esker, ikusi ditugu pilotako modalitate berrietan jokatzen duten neska nahiz mutilak, urte luzez arrunt maskulinoa izan den mundu batean sartzen.
Telebistarako interesagatik berdez margotutako pareta soilak izateaz gain, hainbat gaztetxoren arratsalde pasako txokoa izan dira, aspaldian egin ez diren barrikote jendetsuen lekuko eta dantza, antzerki nahiz kontzertuetarako topaleku, bertako tradizioak eta ohiturak zabaldu eta herriko identitatea zabalduz.
Hortaz, hurrengo asteetan Lubineko frontoi berrituaren inaugurazio ofiziala eginen dela aprobetxatuz, frontoiak plaza gisa mantentzeko lan egiten duten norbanakoei eskerrak eman nahi dizkiet, aurrerantzean ere herria Herri egiten jarrai dezaten.