Nire ametsetako herria

Kuriositateak jota, orain hain modan dauden auto-laguntza liburu horietako bat ireki dut gaurkoan, eta hara ze ariketa dibertigarria planteatu didan: «Irudikatu zure ametsetako herria». Hasiera batean sinplea dirudi. Begiak itxi ditut eta segidan datozkit irudiak. Irudikatu ez ezik, amesteko beta ere hartu dut.

Irudikatu dut ia trafikorik gabeko bidea, txoko miresgarriz betea, hauetako bakoitzak bere istorioa gordetzen duelarik: loratu berri den zuhaitza, harriz harri ihesean doan ibaia…kiribilez-kiribil aurrera, berdez jantzitako mendien artetik argiz betetako etxe handietara iristeko.
Familia handi bat osatzen duten herritarrak bistaratu ditut. Soilik portal zenbakia jakiteaz haratago, elkarren zaletasunak, gertaerak eta bizipenak dakizkiten bizi-lagunak. Etxetik plazarako bidean, adina bikoizten digun herritarrarekin izandako solasaldiak eta ordura arte sekula hitzik gurutzatu gabeko herrikideekin konpartitutako auto-bidaiak. Sukaldari adituz betetako elkartea, beti ondokoaren platera hobetzeko prest. Baita apuro momentuetan dendakoari eskatutako faboreak ere. Eta, nola ez, guri buruzko txutxumutxuak noraino iritsiko diren jakitearen intriga, ahoz aho datuak gehituz, fantasiazko nobela bailiran. Literatura entretenigarriagorik…
Amestu dut beste herrietatik bereizten den bertako hizkuntza zaindu, maitatu eta erabiltzen duten neska-mutilekin. Hizketak nongotarrak diren salatzen dituenean, harrotasunez erantzuteko gai diren herritarrekin. Bere festak gogotsu antolatu eta gozatzen dakien herriarekin. Kanpotarrak bertakotzat hartzen dituena,  eta bere ohiturak zaindu eta etorkizunera begira antolatzen jakinez.  
Eta konturatu naiz ametsek eta desirek badutela errealitatearen parterik. Agian ametsak uste baino errealagoak direla eta, ohartu ez arren, jadanik badudala ametsetako herri bat. Zorionekoa bezain oharkabea ni!
Izan ere, amestu bitartean, asfaltozko lurretan eraikitako megadendetan galduta gabiltza, 'bio'dun produktu berdeak erosten, horrek bizitza itzuliko digulakoan. Hori gutxi ez, eta hirietan ordainezinezko alokairuak ordaintzeko prest gaude, gure ametsetara hurbildu ere egiten ez diren etxe ilunengatik.
Pikutara bota dut auto-laguntza liburua. Ez da amesteko unea, ekitekoa baizik. Gure herriak bizirik mantendu nahi baditugu, bertako altxorrak baloratzea ezinbestekoa dela uste dut. Baloratu, maitatu, gozatu eta bizi. Urteko egun eta ordu guztietan. Azken finean horrek bakarrik lortuko du gure herri txikietako altxor handiek bizirik segitzea. Bihur ditzagun ametsetako herriak bizitzeko herri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun