'Kortxituk'

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Almandoz Larralde 2026ko maiatzaren 31

Jakina da bakoitzak gure barrenean dugun huraxe emateko gauza garela, ez gehiago eta ez guttiago. Deus ez da pertsonala eta bakoitzak eman dezala duen hoberena.

Seguru inoiz eguna goiz-goizetik zapuztu dizun gertakizunen bat gogoan duzula, begiratze bat edo hitz itsusiren batekin ostatuko kafe goxoa mikaztu dizuten unea. Eta istant batez hortxe gelditu eta bertzearen itsuskeriak zure bihotz hauskorra urratu baino segundo batzuk lehentxeago, denbora eta espazioa geldituz gero, bere begietan erran duenaren azpian dagoen mina ikusteko gauza zara. Arnasa hartu eta behetik goiti kopeta eta hankazolaraino bizitzaz bete eta bota arnasa barreneko zimiko guztiak libratu arte, bota kaka, hustu, den-dena kanpora, gelditu eta hutsunea baimendu ondotik, hartu berriz barrenak betez.

Batzuetan (beti ez errateagatik) guk geronek egin behar dugu zerbait, begiratzea aldatu, arnasa hartu edota gorputza ernatu bihotzetik bihotzera elkar ikus dezagun, berez, gertatu beharko lukeena gerta dadin. Aitzineko batean lau urteko haur bat parkean erori, eta negarrez zegoela bere lagun bat hurbildu eta hitzik erran gabe mina zuen lekuan balaku egiten ikusi nuen, elkar goxatzen ari ziren, haurrek, behar duenari deus eskatu gabe, laguntzeko joera naturala instintiboa dutelako. Begira gelditu nintzen iluparen pare. Zeinen goxo, zeinen gardena, zeinen egiazkoa den bihotzean naturalki dauden gorputz ttiki horiek elkar ikusteko, sendatzeko, goxatzeko duten gaitasuna. Minak metatu ez diren gorputzen jabe izanik, norbere berean zintzoak izanik, sinpletasunean, diren hori izatea baimendu zaienean, barrenean dutena ematen dute eta barrenean dagoena bizitza hutsa dela erakusten digute noiznahi.

Ikusiak, entendituak… izateko baimenarekin eta gauden bezala munduratzeko aukera eskaintzen diguten guneak eraiki behar ditugu, elkarren artean euskararentzat eraiki behar ditugun arnasguneak behar ditugu. Pribilegiorik gabe markatuak dauden bidexketatik at lasterbideetan ibili nahi duten guztientzat, arnasguneak sortu behar ditugu garen bezalakoak azaleratzeko eta bihotzetik harremanak izaten hasteko, nola egiten den oroitzeko, gure barreneko ziribuztankak baimentzeko, sekula borobilak izanen ez diren gure iskinak aldarrikatzeko... Arnasguneak, arnasa hartuz eraiki behar ditugu, gure zauriak milikatuz, bertzeengandik jasotzen dugunetik at, gure hoberena emateko gauza garelako. Ondokoaren minak urratu ordez, bere barren urratua goxatzeko aukera eman zaigulako,... eta mikaztu ordez, ostatuko kafea elkar goxatuz partekatzeko aukera eman dezakegulako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun