Dena ezin da zapardia izan, dena esne gaina izan ezin den bezala. Nola goiti hala beheiti, barrenekoaren isla kanpoa eta bizitzan estualdiak dabilen haren neurrikoak etorri ohi dira. Norberak erabakitzen du, esperantzara kondenatua bizitzeko aukera eginez gero, hemen saiatu beharra dagoela. Bizitzak, unibertsoak, jainkosak, naturak, nik egindako aukerek edo nik ez dakit nork edo zerk trabak paratu ohi dizkit, trabak ni erdiz erdi zipotzeko eta eroriz ikasteko. Baina batzuetan harri berarekin anbilka nabilela ohartzean, ez behin eta ez bi aldiz, gelditu eta arnasa hartuz, neure buruari galdetzen diot: «Ze krisma dun ikasi beharra? Hasi hadi bertze bideren bat bila, gainerakoan, ubelduz betea garbituko haiz bertan!».
Horrelaxe sentitzen naiz azken aldi honetan euskalduna izan nahi eta ezinean. Euskaraz bizi nahi eta euskarazko inguru seguruak bermatuak ez ditudala ikustean. Errespetuaren izenean pentsatu, maitatu eta gozatzeko nire hizkuntza azken putz paratzen didaten inguruak gailentzen zaizkidanean. Ez dut hor egon nahi, dena egiten zait sendor. Eta koleratzen naiz, bihotza indarrez hasten zait «horrela ez» erranez barrenean, eta goxotasunetik arrastorik ez duten hitzak erabiltzen ditut, nirea dena errespetatua izan dadin eskatzeko. Urduri jartzen naiz, ez zait sentsazioa gustatzen, deseroso nago, eta segundo batzuez «isil-isilik anitzez politagoa haiz» pentsatzen dut. Handitzen zarenean ikusiko duzu, isilik egoteak zenbat balio duen.
Egun batzuetara, barrena lasaiago dudala, «ez zen hain larria» erranez kontsolatzen naiz, ezin duzu dena hain estu hartu neska! Hizkuntza komunikatzeko tresna bat bertzerik ez da, hizkuntzek elkarrekin bizi behar dute, hizkuntzak jakitea ona da,... Nor zara zu bertzeari faborez euskaraz aritzeko eskatzeko? Bertzeak euskaraz baldin badaki eta gazteleraz egiteko hautua egin badu eta berak horrela egin nahi badu?
Eskerrak erromantiko batzuk gelditzen garen, arrazoiari emozioa gailentzera ausartzen garenak eta, ur azpian sartuta ere, isilik gelditzen ez garenak. Luise Michelen hitzak oroitzen ditut: «Erne emakumeekin, inguruko guziaz nardatuta sentitzen direnean eta mundu zaharraren kontra matxinatzen direnean. Egun horretan jaioko da mundu berria». Maita dezagun euskara, zaindu eta gehienbat goza dezagun mingaina dantzatuz.