Bere horretan iraun

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Almandoz Larralde

«Nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu, segur aski zure estatua nire lurrean eraiki duzula erran nahi du». Musa Anter, idazle kurdua (1920-1992).

Hitz batzuek denbora gelditu eta barrenak hormatzen dituztela sentitu ohi dut. Halako zerbait gertatu zitzaidan abenduren 3an, Euskararen Eguna aitzakiatzat hartuz, honen gisako testua leitu nuenean. Eta bat-batean, hizkuntza guttitua eta zanpatua izatetik, nire baitan, handiei traba pixar bat egiten dion hizkuntza baten jabe nintzela sentitzeko ausardia izan nuen. Zergatik ez ba?

Palestinar neska baten hitzek krudeltasuna, izugarrikeriak eta bizirauteko izakiak dituen estrategiak oroitarazi dizkit.

«Gorputz femeninoak beldurrik gabe garatzeko leku segururik ez dago hemen. Gorputzak bere eskubideak galtzen ditu gerran. Gazako gerra ez da lur erraustua edo ez dira aire erasoak bakarrik, etendako gorputzen historia ere bada, deskantsurik gabe inbaditutako gorputzak. Gerrak gure lur nahiz jabetzetatik urratzen gaitu eta izaki egiten gaituen errituetatik urrundu, ezin dugu garbitu, ezta mina pribatuan bizitu ere… Gordelekurik gabe ere gure gorputzak bizirik diraute, oroitzeko gauza dira. Bizirauten dute eta beharbada dardarak gorputzean irauten digun bitartean egiazko historia eskribitzen dute». Mariam Khateeb (2025eko maiatzaren 19a).

Bruselan, berriz, Europako Parlamentuaren parean, emakume batek kartel bat eskuetan xutik daramatza egunak, isiltasunean, bakardadean Gazaren alde, gose greban!. Ingurukoentzat deserosoa da, ezta handikeriaz betetako keinua, baina aldi berean inguruan iraultza sortu du, bertze aldera begiratzeko asmoz denari segundo batzuez bere pribilegioak astintzen dituela dirudi.

Haurdun nintzela, Mikelek «badakizu mutila edo neska den?» galdetu zidan eta gizasemea iduri zuela erran nionean, gizarte honetako pribilegio guzien jabe ekarriko nuela mundura oroitarazi zidan; zuria, gizona, desiratua eta euskalduna bertze ezaugarrien artean, broman, aranztarra gainera! Egun, Arantzan sortuagatik euskal hiztun jatorra izanen ote den argi ez badut ere.

Ai zenbat kontraesan, zenbat nahi eta ezin….

Euskaraldia ere pasatu zaidan, lautik hirutan ez dinat txapa paratu eta atzendu gabe txukun demonio soinean neukala, bortz urteko haur batek parkean jostetan ari ginela oroitarazi zidanan, «gaur maiatzaren 26a da, Aitzi, gaur ez zen txapa jauntzi behar» .

Hezkuntza publikoko baliabide murritzen alde, Gure Haurrak badirelakoz, Gotti Burua, Euskaraz aunitzez politagoa zara... Eta bertze hainbertze aldarrikapen etxeko tribunan aparkatzen ditut ilunabarretan.

Baserriko ganbaran enarak egindako habiko soinuak adituz, nire pribilegio guziak eskuetan... Ez dut goserik, ez nau gerra batek kanpotik nahiz barrenetik urratu, eta liburu bat leituko dut, euskaraz amets egitera joan aitzinetik. Mundu hobea eraikitzeko gaurko saiakera bete banu bezala!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun