Azken hori erratearekin batean, ez sobera aspaldi, ortziraleak asteko egunik hoberenak zirela ohartu nintzen. Ikasten eta lanean astea pasatu ondotik, erlojurik gabe lagunekin zernahi nonahi eginez ongi pasatuko nuela aitzinetik jakinak ziren egunak. Larunbatetan, gibeleko kristalean L zuen Renault Express xuri batean kasetean grabatutako gure kantarik gustukoenekin egonaldi luzeak egitea zen gure planik hoberena. Gauerditik goizaldeko bortzak arte non egonen ginen baino inportanteagoa zena. Ostatuz ostatu edo edozein herritako plazaren batean dantza, irri eta zirikan ibili ondotik, etxerako bidean kristal guziak lanbrotu arte bizitutakoa, bizitu nahi izan genuena eta bizitu gabe gelditu zitzaigunaz bertze horrenbertze orduz kontu-kontari aritzea zen diferentziarekin arratseko momenturik hoberena. Pentsatze hutsarekin irria etortzen zait ahora. Gure mundua solasarekin, umorearekin, irudimenarekin, konpainia ezin hobean erausian eraikitzen genuen bitartean.
18 bat urte izanen genituen lagunak elkar zaindu, aditu, sentitu eta biz-bat sentituz etxean bezala sentiarazteko magiaren jabe egin ginenean. «Familia tokatzen da eta lagunak aukeratu», aldarrikatzen genuen. Eta egia pizar bat bazuen erran hark guregan. Herrian adin berekoak elkar ezagutu, miretsi eta onartzeko aukera eman baitzigun «tokatuak» izan ginen lagun kuadrillak. «Etxeak behar, eta bideak ekarria!».
Bizitzak milaka buelta eta bira eman badizkigu ere, egun, elkarri pasaeran (tokatzen denean), begietara begiratuz irri murritza egiten diogunean, gure sistema linbikoan zerbait ernatzen da. Elkarren arrimuan ikasi genuena eta sentitu genuena gure bihotzean ez ezik burmuinaren zati batean erregistratu eta gure identitatearen zati egin baikenuen. Orduantxe ikasi nuen, etxetik kanpo ongi-egoki maitatzea zer den! Garaiko argazki bakarren bat ez dut izanen, baina irudi guziak, sentsazio, usain eta emozio guziak begiak ixte hutsarekin azaleratzen zaizkit. Eskerrak pantailarik gabe eraiki genuen gure mundua, «errekak ez baitu behetik goiti enbor onik ekartzen», gure mundua azala-azalarekin, den-dena sentituz, topera biziz, momentua gozatuz eraiki baikenuen!