Aspalditik heldu zait neure burua, erran dudana eta erran gabe utzi dudana –azken hori gehienbat–, aztertu eta errotari milaka bira emateko joera. Akaso zerbait berria deskubritzeak sortzen didan grinak eramaten nau horretara, edo akaso bertzerik gabe burua gelditu eta isilarazten ez trebatu izana da. Edozein gisara, azkenean neure burua ez epaitzeko erronka bete-betean hastea erabaki dut, zuk ere saiatu nahi baduzu, ez da aukera txar-txarra, hamaika ezagutzen ditut makurragoak. Behin sortu eta zerbaitetan saiatu behar dela aditu izan dut eta! Ari naizen honetan amorruaren adierazpen gordina azaleratzea ere baimentzea erabaki dut. Alizia Murilloren hitzak oroituz, «amorrua eztandak babesik gabeko izakien hemorragiak dira».
Ezin ukatu dut nire odol isuriak odol gatzatu egiteko joera dudala eta ondokoen odol hustutzeak eskuarekin estutzeko gogo bizia sentitzen dudala, odol isuria odolustutze bilakatu ez dadin. Nahiz eta ikasten ari naizen, odol isuriak egon, egon behar duela eta barreneko pozoia ateratzea bezalako atsedenik ez dagoela norbera sendatzeko, libratzeko. Gainerakoan pozoitua dagon gorputzak eratzen direlako, eta nor naiz ni nire ezinetik bertzeen mina ezin sostengatu izangatik gorputzak pozoitzeraino estutzeko?
Gure hauskortasunak gure egiteak eta hauek aitzinetik jarriz mundura agertzeak egiten gaitu boteretsu eta indartsu. Amorrua norbere hauskortasunak aldarrikatzeko bide ezin hobea izan liteke, beti ere odol isuriak inor zipriztintzen ez duen bitartean. Aldarrikapenen herrian bizi garenez, norbera bere alderdi zuri eta beltzekin, eta bitarte horretan ernatzen diren kolore guztiekin agertzera animatu nahi nuke mundua. Sare sozialetako poseetatik urruti, dagoena itxura batera inperfektua dena perfektu egiteko aukera eginez. Ezagutzen al duzue libertate handiagorik?