Azken aldi honetan behin eta berriz neure burua ingurukoa ongi edo gaizki dagoen epaitzen nabaritu dut, nire ongi egitea bertzeen ongi egitetik gailenduz eta gehienbat 'ongi' horretan inguruak nolakoa izan behar lukeen boterearen nagusi sentituz. Horrela, hotz-hotzean erranda, nire lehengusuak dioen bezala «ze txatarra».
Egia aitzinetik, gauzak diren bezala onartu eta diren bezala perfektuak direla interpretatzeko zailtasuna nire ezaugarrietako bat denez, alderdi honekin baketu ezean eta nire inperfekzioetan perfekzioa interpretatzen ez dudan bitartean, bizitza bat edo gehiago pasa nezake munduari zein koloretakoa izan behar duen eskatzen. Eta horrek Katamaloren kantuaren letretara narama, «benetan al datorkit poza erraietatik hala ez ote nabil bere atzetik».
Oroitzen dut haur ginela, Son Goku hasi arte herri guzitik kukuka lasterka ibiltzen ginela eta lagunen batek amorrarazten ninduenean «erratten duna bera» erantzuten niola. Nire ezinetik, ondokoak azaleratzen zidan minarekin zer egin ez jakin eta bueltan emateko estrategia hutsa zela jakinik.
Egun, haurretik pasatu banaiz ere, nire barrenerako tarteka hitz hauek ibili ohi ditut eta era batean barrena lasaitzen zaidala sumatzen dut. Segundo batzuez gelditu eta gorputzetik sentituz amorrarazi nauen hura nire baitan nonbait goxatu ez dudan nire alderdira begiratzeko aukeratzat har nezake.
Sentitzen dugun oro gure barne munduaren isla izanik, kanpoan bezala barnean dela oroituz, epaitzen dudan hori, nire burua ez epaitzen ikasteko aukera ezin hobea eskaintzen ari zaidala konturatu naiz. Beraz, maitea, eskerrik asko hainbertzetan nire onetik ateratzen nauzulako, nire barrenaz arduratzeko oroitarazten didazulako! Erratten duna bera, erran duenak bere egin dezala!