Aztertzen jarrita sekulako gaitasuna dute gurasoek bi gauza batera egiteko, hori burmuinaren alderdi bat garatzen delako izanen da, pertsona indibiduala izatetik bertze baten zaintza (fisikoa nahiz emozionala) zure gain dagoenean gertatzen dena akaso. Solas bat bukatu gabe, bizitza sozial prekarioa mantentzearen magia ere plazan hotzak hiltzen zaren bitartean gertatzen den fenomeno bat da, ez bazara Harrautzeruka hasten. Hor bai solasak utzi eta arnasa estutua metro erdiko argitxoen gibeletik horiei ezin segituz, bizirik zaudela gogora etortzen zaizu, a zer gozada!
Ama hizkuntza aditu ahala ikasten bada eta egiazko maitasun iturriaren adierazpena izanik, haurrek era honetan mintzatzen bazaizkigu, amak ematen dion ereduaren adierazgarria ote da? Edo ama hizkuntzaren erabilera ez dago hain errotua? Edo hizkuntza gutxitua izateak edozein txokotaraino elebidunak bilakatu ote gaitu? Gure herriko plazaraino sartu ote zaigu erdara eta gu euskara hutsean ari garelakoan ote gaude?
Beraz, nondik ateratzen dute gure haurrek mintzatzeko era «berri» hori? Bihotza urratzen zait halako mintzaira aditzean, baina bihotzak beti izaten du bere sentitze horretan sekreturen bat gordea. Akaso hortxe, sekretu horretan dago erdaratik gure egin ditugun egiturak deszifratzea. Inkontzienteki gure egin dugu auzokoa beti hobea denaren ustetan? Edo bertzerik gabe ez gara konturatu eta baimenik eskatu gabe sukalderaino sartu zaigu arrotza dena?
Hizkuntza gutxitua denean norbere ama hizkuntza, psikologikoki eratzen den hizkuntza horren azpiko egitura ere desbalorizazio sentsazioari lotua ote doa? Eta sentsazio honek bertze nornahi gu baino hobea dela pentsarazten digunez, gure-gurea dena maitatzeari uzten ote diogu? Gure solastatzeko era eraldatzera behartzera arte?
Edozein gisara, maitasunaren adierazpen garbienetariko bat umorea denez, «dut gosea» aditzean «egarria duzula erran duzu?» erantzuten badut irri murritza eginez, segur aski haurrak «ama, gosea dudala erran dizut» kontestatuko dit. Hartu hatsa, bada esperantza! Orain, ikaskuntza bat barneratzeko mila bat aldiz errepikaraztea bertzerik ez da gelditzen. Animo, maitasunak muga guziak hausten ditu, euskara jatorrak ustezko euskara mintzaira ere garaitzeko adinako indarra izanen du. Zerbait egitea da kontua, bertzela euskarak bere horretan, zaintzarik edo maitasunik gabe, dena esanen* al digu?
*Esan jasanetik heldu da. Aguantatu, posible izan... erran nahi du.