Neguak, gelditzea, itzaltzea, isiltzea, egotea... naizen deusezarekin bat egitea, dagoena den bezala sentitzea ekartzen duenez berarekin, erosoagoa zait norbaiten soinuan dantzan ibiltzea eta Zea Maysen kanta kantatzea. Gure gorputza gaixotu eta sendatzen da, bera bakarrik baldintza batzuen eraginean. Zaintza hain eguneroko solasa badugu ere, batzuetan konturatzen naiz ez dakidala sobera ongi nola zaintzen den norbere burua, neguan sutondoan egonez izan liteke aukera bat.
Gorputzak berezkoa duen sendatzeko gaitasuna galdu dudala sentiarazten didaten hainbat informazio hartu ditut azken aldian. Kanpotik hain desberdin baina barrendik hain berdinak gara gizakiak, harritzeko moduan berdintzen gara beldur hotzikarekin, barrenak haserreaz sutzean edota intuizioa bat gailentzean sortzen diren oilo pikorretan. Momentu batez, kanpo burrunba isildu, denbora gelditu eta arnasak gorputza zeharkatzeko astia dagoela sentitzen dudanean konturatzen naiz zertarako gauza naizen edo garen geure burua ezaguna eta normala zaionaren mugak zeharkatzea erabakitzen duenean.
Minek ez dute arrazarik, generorik, ez kontu korronterik. Badira min batzuk hurrengo arnasarekin erabat apaltzen direnak, minez hiltzera zoazela sentiarazten dizutenak eta aldi berean bizitza berri bat besoetara ekarrarazten dizutenak. Badira beldurrak ataka bat pasatzearekin galtzen direnak edota betiko bizitza bizitzeko baldintza bilakatzen direnak, norberarenak edo ondokoarenak, gure bihotzaren egiatik urruntzen gaituztenak, nor garen ere atzenduarazten dutenak. Badira haserreak gehienetan beldurrak ez sentiarazteko eratzen ditugunak, gorrotoz mina eragin dizunari azala urratze adinako sua sorrarazten dizutenak. Badira tristura ilunaldi batzuk, lo eginda ere hurrengo goizen bizkar gainean segitzen dutenak, maite duzuna azken aldiz ikusiko duzula erran dizutenean gailentzen zaizkizunak. Eta noski, badira poz batzuk, neguko eguzkia bezain indartsuak, egon nahi duzun lekura eramaten zaituztenak, lagun on baten konpainian egindako mendi buelta baten ondotik hartzen den zerbeza gustua dutenak.
Eskerrak egun sentitzeko era ezin izan diguten mugatu, prefabrikatu, protokolorizatu. Bakoitzak bere erara egin dezake, oraindik maitasun begirada batez elkartzen gara, berdintzen, hurbiltzen itxura batera hain urruti ginenak. Sarrera nonahi mugatua dugun garaiotan, inoiz baino askeago sentitzeko aukera egitea erabaki nahiko nuke. Neguko solstizioa pasa berri da, karriketako su usainak , Olentzeroren errestoa oroitarazten dit. Ez eme eta ez ar, argia bizteko ikatza dakarrena ez da bertzerik, eta hainbertze aldi berean. Eguna pixarren bat luzatzen hasi duela iduri du. Gure itzalak indartzen dituztenek ere agudo askeak izateko aukera emanen digutela erraten hasiak dira, erne egoten ahal gara. Hori guzia horrela, kontent egoteko moduan gara, urtero bezala errege ondorako oilo atzapar bat luzatzen omen da eguna, salbu gara!