Gizaki guztiok inguruko estimulazioaren araberako erantzunak ditugu. Hau kontuan izanik, haur bakoitzak bere prozesu biologiko-neurologiko bereizgarriak ditu, bere joeraren arabera zaintzen duenak badaki zer nolako bizipenak eskaini behar dizkion ttikiari. Elkarreragina eta jostetaren bitartez, helduok haurrari munduaren itzulpen bat eskaintzen diogu bere gaitasun guztien potentziala lor dezan lagunduz, atxikimendua eta hartu-emanak indartuko ditu. Horrela, gure burmuinaren garapenean, integrazio sentsorialaren bitartez mapak eraikitzen goaz, mundutik jasotzen dugunaren arabera. Ingurutik jasotzen duguna, zentzumenen bitartez aztertu, antolatu eta interpretatzen dugu eta horri eskerrak gure eguneroko jarduerak egiteko gauza gara. Gerora, ikaskuntza, kontzentrazio, pentsamendu eta arrazoibidea garatzeko oinarri izanen dira mapa hauek.
«Pantailen munduan murgildu gara eta gaituzte eta paper usaina duten liburuak leitu eta arretaz barneratzeko zailtasun larriak sortzen ari zaizkigu»
Egungo bizipenak, ordea, harremanetan, hurbiltasunean eta elkarren beharrei behatu beharrean bertze arauen baitan eraikitzen ari gara. Pantailen munduan murgildu gara eta gaituzte. Kontsumo eta adikzio maila gero eta handiagoa dugu eta egun paper usaina duten liburuak leitu eta arretaz barneratzeko zailtasun larriak sortzen ari zaizkigu.
Ezin dugu ukatu burmuina garatzen ari den garaian kontsumoek duten eragina. Ukaezina da pantailen erabilerak kontsumo adikzioa sortzen duela. Egun koefiziente intelektual txikiagoko belaunaldiak ditugula diote ikerketek. Irudikatzeko gaitasuna, kuriositatea edota aspertzeko gaitasuna gero eta hutsalagoak dira gugan. Bizipen birtualak ez omen dute errealitatean bizitutakoa adinako oroimen arrastorik sortzen. Pantailek gure begi-belarriak hiperestimulatzen dituzten bitartean, gure ukimen, dastamen eta oreka gaitasunak deusezean uzten dizkigu. Aspertzen garenean sortzen da kuriositatea. Kuriositateari esker, bilatzen ditugu aukerak, gure barrenak behar dituen premiak asetzeko bideak eraikitzen ditugu. Aspertzen garenean soilik sortzen dugu, eta sortzearen plazerak aspertzea dakar.
Josteta, berriz, irudimena garatzeko bidea da, jostetan ari garenean, plazeraren bideak gure burmuinean zuzenean egiten ditu konexioak, zuzenean ikasten dugu, zuzenean barneratzen. Gure ingurukoekin harremanak ditugunean, jostetan ari garenean, fisikoki ukitzean, orekatzen ditugun sentsoreak eraikitzen dute gure munduaren mapak, irudimena elikatuz. Azken-juka, pot-bilka, kukuka, pittka, karnikulka, jostetan ari gaitezen elkarrekin, senti dezagun bizirik gaudela. Era birtualak ez dezala ebatsi garen guztia garatzeko dugun aukera!