Musukoa ala musuka?

Martxoz geroztik gai bakarra dabilkigu inguruan. Erabat izutuak egon izan gara, haserre eta atsekabetuak ere bai. Munduak erabakia baitzuen non, noiz eta nola izan behar genuen. Aspalditik erabakia eman zaigulakoan nintzen, baina azken ibilerek garbi utzi digute, bertze behin, txotxongilo soilak garela munduarentzat.

Gelditu gaituzte eta gelditu gara, ustez gure osasuna zaintzeko helburuz gure etxean preso izan gaituzte. Kexatu egin gara, nola ez burujabetza eta autodeterminazioa nahi ditugulako. Osasuna eta gaitza mahai gainean jarri dizkigute eta ordura arte natural genuena, besarkadak, ukitzea, hurbiltzea, elkar sentitzea gaitza bera baino arriskutsuago bilakatu zaizkigu. Bi bide omen ditugu, egiak bezala, nahiz eta gehienetan zurea, nirea eta egiazko egia egon. Bi bide jarri dizkigute argi,autoritateari kasu egin eta kexatzea, honetan bizkorrak gara gizakiak, edota osasuntsu izateko aukera egin eta norbere baitan dagoena eginez, sentitzen dugunari kasu eginez, ausarta izan eta kexatzeko aitzakiarik gabe aitzinera egiten ikastea. Azken aukera hau ez bada sobera eroso ere, norbere buruaren jabe izateko aukera bakar gisara daukat. Indibidualista eta materialistago bilakatu omen gara, lehen baino gehiago, posible bada behintzat itxialdiaren ondotik. Ahoa betetzen dugu, elkar banatzea, partekatzea eta bertzeen ona egin nahi dugula erranez. Nirea niretzako eta zurea erdi bana egin dugu badaezpada. Atzendu ditugu lehentasunak, atzendu gure gorputza zainduz edozein birusen aitzinean indartsu izan gintezkeela eta atzendu ditugu, bertzeak bertze, gure etxeko argitxoak, gure haurrak. 

«Bizipoza berreskuratzen hasiak garen honetan, munduak ez ditu barrenak lasai» 

Gure esperantza dira haurrak eta itxialdian azken putz izan ditugu. Beraien argitxoa itzaltzeraino estutu dizkiegu aukerak eta desnaturalizatu ditugu urrikaldu gabe. Eskolara joan gabe egon dira pantailen aitzinean etxeko lanak eginez eta eskolak duen magia itzaltzeraino urrundu ditugu guretik. Munduaren premia beraienaren gainetik jarri eta mundu hau aldatzeko duten gaitasuna gutxietsi dugu. Eskerrak eskola ikasturtea bukatu dela, eta herriko karrikak haurrez bete direla, putzu beltzen oihu eta irrien oihartzuna sumatzen da, leku uspelak goxatu dira beraien builekin. Bizipoza berreskuratzen hasiak garen honetan, munduak ez ditu barrenak lasai. Arantzan udako beroari aitzin egiteko zaharberritzen ari ziren presaren aukera ere ukatu dio munduak gure haurrei. Mundu zahar hau barrengaldu bilakatu ote da?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun