Hauteskundeak

Hitzak merke-zurrean dabilzkigun garai hauetan, hartu-emanetan hitzak baino egiten dugunarekin goazela aitzinera oroitu nahiko nioke nere buruari.

Gizakiok komunikatzeko dugun gaitasunaren puska ttiki bat baita hitza, eta konparazioan aunitzez handiagoa gainerako guzia; gorputz-keinuak, ahots tonua, begirada, pentsamendua eta intentzioa zer erranik ez. Madrilen nintzela, fisikari frantses batekin ikasi berri dut amoros hitzaren erran-nahia. Amoros hitzak gizatasunaren oinarrizko legea erakusten omen du. Gizakia gizaki ginen zibilizazioetan, hagitz aspaldi hartu baitzuen bere erran-nahia. Hitz guttitan errateko, bertzeei gaitzik ez desiratu eta ondokoaren onarekin bakoitzaren barrenak asetzeko gaitasuna omen da. Ez zen ez txoil nik uste nuena!

Hitzen erran-nahiak gure pentsamenduan bizipenei lotuta sortzen ditugun oroitzapenekin eraikitzen omen ditugu. Bizipenak, pertsonak adina badira eta pertsonak bere bizipenen arabera pentsamenduak eraikitzen baditugu noiznahi, ez nau harritzen zenbaitzuetan mintzatuz elkar ezin ulertua izateak. Beharbada hitzen kanpoko itxurarekin ergeltzen gara, beharbada presaka ibiltzen gara, azaletik barrenerago gordea dagoenaz erreparatzeko, beharbada ez gara konturatzen, beharbada ez gara gauza?

Hatsapaska hezi gara, egiteak izatea emanen ligukeelakoan. Gelditu gabe egiten ari garen bitartean gizakia ez baita gauza egiten ari den hura nahi duen edota bere barne baloreekin bat datorren edo ez erreparatzeko. «Zer moduz?» elkarri galdetzean, betiko erantzuna, «ezin ailegatuz» aditzera jarri gara. Hasieran elkarri erruki begiradaren bat oparitzen bagenion ere, aspaldian etsipena banatzen gabiltza. Joxe Ripiauen kantak dioen bezala, Beti presaka eta korrika inora ez iristeko!

Belaunaldiz belaunaldi jaso dugu gure mintzaira. Itxura batera hitz hutsak zirenak, berekin daramate gure arbasoen bizipenen puska bat. Izan zirenen ezaugarri, bizipen, baloreak, gaur gure zelulen zati dira, gure izatearen oinarria. Jaso dugun horrekin guztiarekin agertzen gara mundura, gure barrenak eta kanpotik jasotzen dugunaren artean pataska bat sortuz, momentu oro eraikiz eta deseginez. Dena begiratzen den begien neurrikoa izaki.
Agudo ditugu hauteskundeak, hitzetatik egitera pasatzeko aukera ezin hobea. Antzinako zibilizazioek sortu zuten demokrazia. Egiazko demokraziak aukera guzien artean herriarentzat onena zenaren egokiera egiteko grazia zakarkien berekin. Denen artean, denen berezitasunak kontuan hartuz, eskuak zabalduz erabakitakoari eusteko gauza ziren jendea zen nonbait. Zibilizazio hartatik ere zerbait gelditzen ote da gurean? Saiatuko al gara bertze behin, euskarari eta herriari berak eman digun guzia amoroski bueltatzen?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun