Bere xumetasunean, flotillarena ekintza ausart bezain beharrezkoa dugu. Palestinar herria jasaten ari den GENOZIDIOA salatzeko beharra bizi-bizirik baitago; eta guk, bizi kalitate nahiko erosoa daukagun Europako biztanle zuriok, badugu zer erran handia horretan. Bizitzako bertze hainbat aspektutan bezala, injustizia batean isilik eta pasibo mantentzea bortizkeria praktikatzen duen horren alde jardutea delako.
Beldurra eragiten dit begi bistan GENOZIDIO bat eduki arren, eskandalizatzen ez den jendarte batean bizi naizela pentsatzeak. Bortxa praktikatzeko arrazoirik behar ez duten agintariek manatzen dutela gurean eta munduan, eta ez zaigula gehiegi inporta. Denbora batez pentsatu izan dut enpatia eta elkar laguntza bazirela gizakiarenak propio diren sentimenduak, baina praktikak erakusten digu hori ere galtzen uzten ari garela.
2023ko urriaz geroztik, etengabeak zaizkigu leherketa bidez hanka edo besoak galdu dituzten haur gazatarren irudiak gure pantailetan. Horiek ere pixkanaka desagertzen ari dira algoritmo eta albistegietatik; ez, ordea, irudien jatorrizko lekutik. Begi itsuak, negarrik ez dio esaera zaharrak. Guk ikusi ditugu, ordea, eta ez behin bakarrik. Baina ez gara gu, ez dira gutarrak, ez da hemen pasatu; eta horregatik, lasai bizitzen segi dezakegu.
«Israelgo Gobernu genozida hori zer egiteko gai den ederki dakigu eta, gogoan dut, mundua europar batzuen bidea gogorki moztearen ikusle pasibo den bitartean, Palestinan nolako mina egiten ahal duen», idatzi zuen aitzinekoan flotillan Israelen mehatxuen menpeko izan zen euskaldun batek. Eta egia erran, esaldiak eman zidan zer pentsatua. Ikusle izatera mugatuko dugu geure burua historiako pasarte ilunenetako bat pasatzen ari den bitartean?