Ameslariak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Ariztegi Barrenetxe 2025eko urriaren 25a

Miresten ditut ameslariak. Iruditzen zait galtzeko arriskuan dagoen espezie bat izateaz gain, gutti direla egiatan ameslari diren herritarrak. Nik ameslaritzat ditudan horiek ez direlako hitz politetan, fantasietan galtzen. Ameslari izateko ausardia handia behar duzu, dagoenarekin konformatu ez, eta hortik kanpo jardutea erran nahi duelako. Eta denok dakigu betiko bidetik joaten ez denak urteko «ardi beltzaren» saria irabazteko papeleta aunitz dituela.

Mundua ameslariek hobetuko dute, zalantzarik gabe. Bazterketarik gabeko gizarte bat amesten zuelako altxatu dira historian zehar milaka norbanako eta ameslari talde. Baten bat aipatzearren, burura datorkit Rosa Parks edo berriki Global Sumud ontzidian Gaza aldera abiatu ziren horiek; edo bertze milaka anonimo. Lanuztera ausartu ziren lehendabiziko langile horiei esker egin dezakegu greba orain edo herriko plazan dantzatzera ausartu ziren lehendabiziko emakume horiei esker hasi nintzen ni ere bi aldiz pentsatu gabe mutil dantzetan.

Ameslariak baztertzeko eta zokoratzeko hamaika saiakera eginen dira beti. Gizartearen status quoa mantentzeko lanean ari diren horiei ez zaizkie ameslariak komeni. Baina nola konformatuko gara dagonarekin, horrek baztertzen, kolpatzen edo konplize bihurtzen gaituenean?

Aspaldi ikasia dugu deus ez egitea badela zerbait egitea, hau da, dagonarekin konformatzea dela. Badakit aunitzetan ez dela erraza amestea bera ere, eta zer erranik ez ekintzara salto egitea. Baina nire bizi ez hain luze honetan zerbait ikasi badut da egoera zailei errazago egiten zaiela kontra taldean. Eta modu horretan, denak askeago eta babestuago sentitzen garela amesteko ere.

Hortaz, heldu zure ondokoari eta ausartu zaitez amestera: bertze modu batera harreman mota batzuekin, etxebizitza proiektu kooperatibo batekin, herri biziago batekin, lana bizitzeko eredu batekin, euskuaraz bizitzearekin, gorpuzkera berriekin... edo ttikitik hasita, herri palestinarraren alde deitu den elkarretaratze horretan parte hartzearekin. 

Ausartzen garenean ohartuko gara uste baino ameslari gehiago ditugula inguruan. Babes pixka bat da pizteko falta dugun bakarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun