Igoko al dut Instagramera?

Duela aste pare bat hor barna ibili nintzen oporretan. Azken aldian neure burua lantzen ari naiz, momentua bizitzen saiatzeko, eta beti etorriko denarekin edo emanen dudan irudiarekin ez obsesionatzeko. Sinplea izan arren, ez da ariketa erraza.

Udan eta oporren bueltan, postureoa bere maximora ailegatu ohi da. Testuinguru horretan, denok sentitzen gara harrapatuta. Udan deskonektatzea zaila da, kontrakoa erran ohi den arren. Ezin sareetan ibili konparazioaren tranpan erori gabe, frustratu gabe.

Zu etxean zaude, lasai-lasai. Urte osoko lan gogorra konpentsatzeko opor egunetan. Behingoagatik geldirik, egonean. Hori da nahi duzuna. Erabaki kaltegarri bat hartu duzu, ordea. Mobila eskuetan hartu eta Instagrameko storyak ikusten hasi zara. Lehena Balin, bertzea Kuban, hurrengoa ez da hain urrun joan baina Menorkan dago, ilunabarraren bideo bat igo du, itsas bazterreko kala idiliko bat ageri da bertan.

Etxean, geldirik, deskantsuan egotea erabaki zenuen. Hautu ona zen, gainera, dirua aurrezten ari zara. Mobila eskuetan hartu duzunetik, ordea, tripetan zerbait darabilzu bueltaka. Behar berri bat, damua, frustrazioa… Nik ere nahi dut.

Erran dut lehen, duela aste pare bat hor barna ibili nintzela oporretan. Nik ere egin nuen. Igo nuen story pare bat paisaia ikusgarriekin; eta akaso, norbaiti eragin izanen nion FOMO sindromea, kaltea.

Neure buruari galdetzen diot maiz: «Zergatik nahi dut igo story hau?». Eta ez dago erantzun argirik. Ziur aski, zure irudia lantzeko modu bat da, janzkerarekin egiten dugun moduan. Baina argi dago, nire Instagrameko profila ez dela nire bizitzaren isla, urteko hiru egun eszepzionaletan igotzen dudalako zerbait.

Gutienez jakin dezagun, guri bertzeenak eragiten digun bezala, gureak ere baduela eragina bertzeengan. Konparazioa etengabekoa den mundu digitalean, osasuntsu akituko duten bakarrak bertan ez daudenak izanen dira, hori seguru. Mobila itzaltzea hautu erreala izan dadila.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun