Beren burutik joka

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Ariztegi Barrenetxe 2024ko ots. 18a, 09:30

Kezka sortu izan du aspalditik besta giroan sortzen diren zenbait biolentzia egoerak. Solastatu ahalko nintzateke eraso matxistez, azken aldian behin baino gehiagotan salatu behar izan ditugun horiez. Gaurkoan, mapa beraren bertze puntu batean pausatuko dut lupa.

Ez naiz oker ibiliko erraten badut jendearen gehiengoak begi txarrez ikusten duela besta giroan kolpeka ibiltzea gustuko dutenen jarrera. Hala ere, urteak joan eta etorri diren arren, badut sentsazioa ez diogula arazo honi inoiz begietara zuzen begiratu.

Alkoholak kutsatu gabeko inguruetan solastatu izan gara gai hauetaz, denok bat egiten dugu bestari kolpeka ibiltzeko helburua jartzen dionak arazo ugari dituela, eta pena dela sentitzen duguna, ez delako bere buruarekin gustura dagoen norbaiten jokabidea. Bere ingurua ere etortzen zaigu burura, nola lagun bat horrela dabilela ikustean ez dioten laguntzen. Bere burua hondatzeko modu bat bezala ikusten dugu bestan joka dabilenaren jarrera. Tamalez, jarrera horiek permititzen dituzten inguru toxikoak badaude oraindik. Aipatutako jarrerak onartzeaz gain, etengabe elikatzen dituztenak.

Lantzeko arras zaila den gai bat iruditzen zait. Pila bat faktore daudelako jokoan. Baina argi dago joka ibiltzen denaren ehuneko haundiena gizonezkoa dela, eta beraz, gizontasunak (eta gizonen arteko harreman ereduak) paper ederra jokatzen duela honetan guztian. Eta bertzetik drogak etortzen zaizkit burura, alkohola eta gainontzekoak, frustrazio guztiak tapatzeko formula magiko hori, bueltan gabeziak geroz eta gehiago haunditzeko bakarrik balio duena. Argi dago hausnarketa eta autokritika haundia dugula aspektu honekin egiteko.

Bestan edozein edozerengatik joka dabilen horietako baten lekuan jartzen saiatu naiz azken aldian, eta aipatutakoa da egoera ulertzeko okurritu zaidan modu bakarra; eta pena ondotik sentitu dudana. Nire lagunen bat horrela dabilela ikusten badut saiatuko naizela ukabilkada horien gibeletik dagoen mina sendatzen laguntzen, eta bertzela, ez nintzateke horren lagun sentituko. Ez dakit, uste dut inork ez lituzkeela «ostiak» hartzea edo ematea ongi pasatzearen formulan sartuko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun