Eskaintza! Bidaiatu Kubara 130 eurotan

Argi dago gure aitatxi-amatxien bizimodutik gurera alimaleko arrakala dagoela, segur aski historia osoan bi belaunaldiren artean ez da inoiz halako desberdintasunik izan.

Belaunaldi bakoitza dituen baldintzen arabera bizi da, eta horren arabera definitzen ditu bere espektatibak. Gure zaharren aspirazioak arras xumeak ziren, ez zegoelako gehiagorekin amesteko modurik. Gure aspirazioak, aldiz, zeintzuk dira?

Luxuaz ari naiz, kapritxoaz, noizean behineko «gehiegikeria-dosi» horiez; anitzetan gure zoriontasun maila definitzen dutenak. Gaur egungo gazteon eskaner bat eginez gero, ikusiko dugu espektatibak izan daitezkeela bidaiatzea (ahalik eta urrunen), kanpoan ahalik eta otordu gehien egitea edo kotxe ahalik eta onena erostea, bertze anitzen artean. Joera argi bat dago, dena «ahalik eta ____-en» izan behar da, ez gara txikikeriekin konformatzen.

Desira horiekin batera, gure biziak gurutzatzen dituen krisi bat dugu; zeina lanak geroz eta gehiago prekarizatzen, gure eskubideak etengabe urratzen eta ingurua xehatzen ari den. Horrek, egungo gazteon bizitza geroz eta gehiago okertzen du, eta etorkizunera begira ez digu inongo bermerik ematen.

Etorkizunik gabeko belaunaldi bat, oraina ahalik eta gehien zukutzen. Etorkizun hori borrokatu beharrean, apokalipsi baten moduan «salbatu dadila ahal duena» lemaren bandera harturik, eta ematen diguten «luxuzko bizipen» horien distirarekin itsututa.

«Dena egina eman dizuete» aditu dugu behin eta berriz. Egungo panoramak esaldia hitzez hitz gezurtatzen duen arren, zenbaitzuk ederki baliatu dute gure desirak manipulatzeko. Guk pentsatzeko etxebizitza eta lan duin bati baino garrantzia gehiago eman behar zaiola zenbat aldiz bidaiatu duzun urtean atzerrira edo zenbat arropa berri erosi duzun urtaro bakoitzean.

Gizarte bezala, parean ditugun erronkei erantzuteko, kontsumismoan geroz eta gutiago oinarritzen diren bizi-ereduak behar ditugu, edo are gehiago, gauza materialetan gutiago oinarritzen direnak. Ilusio faltsu hauetatik bista kentzea izanen da lehen pausoa; konturatzeko zeinen distira guti darion gure errealitateari. Aldaketa beharrezkoa da, eta ez gehiegi konplikatu, eredu ederrak dauzkagu aitzineko belaunaldietan, eta egon seguru luxu berri horiek oraingoek baino zoriontsuago eginen gaituztela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun