Bakea hausteaz

Zeinen erraza den kontu bat hedatzea, gurean guttienez bai. Uste baino zabalagoak dira gure arteko informazio-sareak. Normalki txutxu-mutxuak izaten dira, eta behin baino gehiagotan, errealitatea distortsionatuz doa belarritik belarrira. Hondar urteetan bizitakoek lehen eskutik solastatzeko moduko bizipenak eman dizkidate; eta erakutsi didate informazio-sare hauek alde positiboak izan arren, aski mingarriak direla negatiboak.

Aipatu ditudan bizipenek badute gauza bat amankomunean, denetan apurtu da araua. «Zein arau?» pentsatuko duzue. Inon idatzirik egon gabe hitzez hitz konplitzen duguna, zehazki, badirela zenbait errealitate edo posizio ukiezinak direnak; eta hala egitekotan, zigortua izanen zarela.

Hitz horiek guztiak abstrakzio hutsean gelditu ez daitezen, adibide bat paratuko dut; eta (hemen dena azaldu behar baita) ez, ez zait niri pasa. Imajinatu zure herriko bestetan zaudela. Herrikoak bakarrik zaudeten egun horietako bat dela (egunik onena). Urte osoan justu-justu agurtzen zaituen gizon bat daukazu alboan dantzan, mozkor-mozkor. Betidanik ezagutzen duzu, eta berak zu; eta zure ingurua, eta zuk berea. Urte osoan solas egin ez dizun arren, egoerak zuri zuzentzeko adorea (edo) eman dio. Bestek badute parentesi baten forma batzuetan, eta beraz, zuk ere erantzun diozu.

Badirudi erantzute huts horrek zure gorputzarekiko autobide bat ireki diola gizonari, eta bigarren iruzkinari tonua aldatu zaio. Moztuta gelditu zara, zure buruari emana; pentsatzen ea zer egin duzun bertzeak ‘berarekin nahi duzula’ pentsatu ahal izateko. Baina ez da deus izan, erantzutea bakarrik.

Isilik gelditu zaren arren, bertzeak aitzinera segitzen du. Orain gerritik heldu dizu eta lizunkeriak 130 km/h-ra doaz. Inbaditua sentitzen zara, txikitua, alde egin nahi duzu, baina indarrez heltzen zaitu, eta zuk ere indarrez erantzun beharko zenuke eskapatzeko; eta ez duzu zalapartarik nahi. Azkenean, nolabait ere lortu duzu. Bestari ordu anitz gelditzen bazaizkio ere, zurea hondatu da, eta etxera zoaz.

Biharamunean, zure lagunekin arratsari errepasoa ematerakoan, aipatu diezu tipoarekin gertatutakoa. Eta ulertzen dizute, erraten dizute haiei ere pasatu izan zaizkiela antzekoak herrian bertan. Gertatutakoei hitzak paratu eta problemari aurre egiteko indartu zarete, isiltasuna urratu eta salatzea erabaki. Berriz gertatu ez dadin, egin dutenak eta egin dezaketenak inkrepatzeko.

Egin duzu. Ez zara zu bakarrik izan, baina errudunaren sorgin-ehiza hasi da, eta zuri paratu dizute ixa gorria gainean. Zu izan zara bakea hautsi duena, eta ez bart arratsean gerritik gogor heldu zintuena. Eta dena asmatu egin duzu. Eta bertzearen bertsioa, zer? Eta gizajoa tipoa, ezin izanen da kalera lasai atera. Eta txikikeria hori ez da eraso bat. Eta horrelako mila adierazpen. Eskandalua piztu da, eta konturatu orduko, zu bihurtu zara erasotzailea; bakea faltsua hausteagatik zigortua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun