Goizean, eguraldia lagun, kuadrilla ederra bildu ginen pilota partidetan, eta horrela betetzen hasi zen Donamariako frontoia. Ondotik mahai-ingurua izan zen, Gotzone Sestorain, Joseba Otondo eta Tasio Erkiziarekin. Lehen eskutik bizi dugun landa eremuko problematikari perspektiba oso bat eskaini zioten, eta gako, korapilo eta erronka auserki mahaigaineratu zituzten hiru hizlariek.
Bazkariaren tartea ireki zen ostean, 60 lagun inguru elkartu ginen eta bazkari bikaina izan genuen, duela 10 urte Ernairen sorreran parte-hartu zuten eskualdeko kideek prestatu zutena. Bazkalondoan, bertso-show moduko baten bidez, Ekhiñe Zapiain eta Josu Txoperenak Gazte Topagunearen aurkezpena egin zuten, apirilaren 6tik 9ra Elorrion ospatuko dena.
Arratsaldean musika eta giro ona izan zen nagusi. Lehenik batukada izan genuen elizako atarian, eguraldi txarrak behartuta bertan egin zena. Ondotik, frontoiko kontzertuek hartu zuten nagusitasuna. Xabaltxek ireki zuen gaua, gitarra bat besterik ez zuen behar izan gazteria dantzan eta kantan jartzeko. Ondotik, Burutik taldeak hartu zuen lekua, EP berriko kantuekin baina baita zaharrekin ere giro ederra jarri zuen. Gero, Gabezin erromeriarekin bete-betea zegoen Donamariako frontoian zortziko eta bestelako dantzak ezin dantzatu ibili ginen, baina seinale ona da hori, jende aunitz hurbildu eta gustura egon zelako bertan. Arratsari akabaila emateko DJ bat izan genuen eta ordu ttikitan bukatu zen egitaraua.