Zein da gure bizitzen balioa?

Gaur egun, bataz bertze, 600 euro ordaindu behar da etxebizitza bat alokatzeko Baztanen. Hala ere, zorionekoa gaur egun eskaintzaren bat harrapatzen duena. Arazo larri-larri baten aitzinean gaude, eta badirudi hemen ez dela deus pasatzen.

Inoiz baino etxe huts gehiago dauden garaia hauetan, gazteria gurasoen etxetik atera ezinean dabil. Zeren eta bai, gurasoenetik ateratzeko eskubidea dugu. Ez dagoelakoz etxe propio bat lortzea bakarrik jokoan, bizi-proiektu propio bat eraikitzea baizik. Gerora erabakiko dugu bakarrik, lagunekin edo bikotekidearekin bizi nahi dugun; baina denek izan beharko genuke emantzipatzeko eskubidea, eta gaur egun, ez da horrela.

Gure herrietako etxe huts gehienak ez dira bankuenak, ezta enpresa haundienak ere. Gure barrideenak dira. Etxe aunitz hutsik usteltzen ari dira, bertze andana bat etxe turistiko dira orain, eta bertze hainbertze salgai daude. Afera da bertze edozein aukera iruditzen zaigula hobea herriko gazteei alokairuan ematea baino.

Orain, alokairuan ematea «errentagarria» izan behar da jabearendako. Hau da, «irabaziak ateratzeko erabiliko dut, edo hutsik egotea nahiago». Ez dira aunitz gaur egun dirua soberan duten herritarrak, bizitza geroz eta gehiago garestitzen ari delako. Baina hutsune hori etxeekin negozioan arituz betetzen al da?

Zer da etxe hutsez beteriko herri bat? Hilerri bat, bizirik gabeko toki bat. Gure herrietako etxeak merkantzia bezala erabiltzen ditugun bitartean, etorkizun hori emanen diegu gure herriei. Eta herriko bizitzarekin batera galduko dira bertako hizkuntza eta ohitura zaharrak. Iparraldean pasatzen ari den bezala, aski fite, herriko etxeak Parisko aberatsek erosiko dituzte, noizean behin «ipuinetakoa dirudien inguru hauetan» astebururen bat pasatzeko.

Jabetza pribatuaren logikak jokoa irabazi dio ardura kolektiboari. Ematen du berdin zaigula gure barridearen etorkizuna, konturatu gabe herri osoarenaz ari garela. Gure bizitzetan manatzen duena dirua dela, eta hori dela ongizatea lortzeko balio digun bakarra. Hemendik goiti, geroz eta gehiago estutuko gaituzte, etorkizuna ez da batere argia. Horren aitzinean bi aukera ditugu: jokoan sartu, eta bide horretan, inguru guzia suntsitu; edo geure buruaren jabe izan, eta herritar bezala elkar babestu. Aukeratu zure posizioa.

Lerro hauen bidez, espero dut baten batek bere bigarren edo hirugarren etxearekin zer egin erabaki behar duenean, bere buruaz gain, herriaren etorkizunaz ere pentsatzea. Eta ez eskatzea mila euroko soldatara ere ailegatzen ez den gazte bati 600 euro edo gehiagoko alokairu bat ordaintzea. Oroitu bizitza garesti egotearen ondorioak guk (gazteek) ordaintzea ez dela bidezkoa, eta gazterik gabeko herri bat hiltzera kondenatua dagoela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun