Dilema berarekin egiten dugu topo aldiro-aldiro «herriko bazterrak mantentzeko» edo «Baztandarreneko karroza egiteko» deialdia zabaltzen denetan. «Nik ez dakit gauza horiek egiten» pentsatzen dugu emazteki aunitzek, beraz, «ezin izanen dut inongo ekarpenik egin». Maiz jarri izan gara lagunak pentsatzen: «Eta zergatik dakite gure adintsuko mutilek hori dena egiten, eta guk ez?». Erantzuna argi dugu: «Ez digutelako inoiz erakutsi».
Segur aski mutil horiek guziek hainbat modutan ikasi dute dakiten hori guzia egiten. Izan daiteke baserriko lanetan, ikasketetan, lanean edo auzolanean bertan. 2022. urtean, dagoeneko badakigu gure jendartea nola dagoen egina, eta desberdintasunak zenbaterainokoak diren. Ez naiz hasiko orain azalpenak ematen. Baina emakume eta gizonei rol desberdina inposatzen zaigunez, bizitzan aitzinera egiteko bide desberdinak irekitzen zaizkigu. Hortaz, etxe berdinean hazi garen bi pertsona izanik, nik ez dakit desbrozatzen eta nire anaiak bai.
Bertzelako argudiorik ere aditu izan dut. Horiek lan gogorrak direla eta indarra behar dela horretarako, edo hemen borondatea duenak ikasten duela, eta ez badakit, orain arte interesa agertu ez dudalako dela. Zenbatetan hasi naiz «ez dagozkidan» lan horiek egiten, eta kendu didate tresna eskuetatik? «Ez dakidalako» edo «min hartuko dudalako». Zenbatetan galdetu dut zertan lagundu nezakeen eta ez dut isiltasun bat bertzerik hartu bueltan? Zenbatetan ikusi dut mutilen bat ezinean, bakarrik egin ezin den lana delako, baina ez dit laguntzarik eskatu, batek daki zerengatik?
Hiru adibide ergel izan daitezke horiek, zuen inguruko emakumeei galdetuz gero bertze hainbertze atera ahalko genituzke. Eta traba horien guzien gainetik, badaude desbrozatzen, eraikitzen, zulatzen dakiten emakumeak. Ukatu zaien lekuan muturra sartu zutelako noizbait seguruenik. Eta ez uste haiek gehiago parte hartzen dutenik auzolanean, haien jakintzak erdia balioko du gizon aunitzen buruan.
Ez al da hobeki geroz eta jende gehiagok parte hartzea auzolanean? Gehiagoren artean errazago eginen dira lanak. Baina duela guti leitu nuen adibide bat ekarriko dizuet gaurkoan. Gizonek bakarrik parte hartzen zuten dantzetan emakumeak sartu direnetik, dantzarako afizioa ikaragarri jaitsi omen zaie gizonei. Esklusiboki haiena zen espazioa galtzean (pribilegioa edo boterea galtzean) parte hartzeari uzten omen diote. Espero dut auzolanarekin berdina ez pasatzea.