“Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna” azaroaren 25ean izaten da eta hau ere gai potoloa da, gai potolorik bada! Ikaratzekoa da, oraindik ere, egun honen aldarrikapena ukatzen duen jendea ba omen dagoela entzutea! Okerragoa, gazteen artean harremantzeko eredu kezkagarriak darabiltzatela ohartarazten gaituztenean! Bai, kezkatzekoa... Baina nire burua beste txapela batzuk berotzen dute gaurkoan...
“Txapela buruan eta ibili munduan” esaten da! Pilota munduko txapeldunetan txapeldunaren dizdira ezin begietatik kendu! Pilotazale amorratua ez denak ere, Goizuetako herrian Aimarri antolatutako omenaldiaren berotasuna eta bere agurraren harira sortutako oihartzunen berri izango zuen. Ederra herriak urte hauetan jaso eta emandakoa! Zorionak Goizueta!
Altuna IIIak, asteburuan, lau eta erdiko finaleko txapela jazteko egindako ahalegina ez nuke itzalean gelditzerik nahi! Txapela batekin ezin omen dira bi buru estali eta esaera zahar honi arrazoi eman behar! Finala zein estu jokatu zuten ikusita, bi aurkariek ere mereziko zuten aurtengoa jaztea! Hala ere, aurten Amezketara txapela!
Azkenik, nire gogoan oraindik ere beste txapela batentzat badago lekua! Izan ere, pilotak gure komunikabideetan daukan pisua nabaria izanagatik, hitzekin eta doinuekin jolasean maisu diren Amets Arzallus bezalako hitzen magoak ez nituzke ahaztu nahi. Xilaba, Bizkaiko eta Nafarroako Bertso Txapelketak belarrien eta bihotzen pizgarri dira niretzat, gure hizkuntza bizi-bizi dagoela sentiarazten didatelako.
Hiru txapela hauen azpian, hiru pertsona eredugarri daudela esango nuke. Lanaren eta humiltasunaten balioa aurpegian ikusten zaienak. Eta hiru txapela hauen aldamenean, babesa ematen dieten txapelik gabeko beste buru asko imajinatzen ditut. Lagunak, gurasoak, senideak,... Babesa, errespetua, herriarekiko begirunea, lana, indarra, erortzen eta altxatzen jakitea,...
Gure haurrak eta gaztetxoak balio egokietan hezten jakingo ote dugun galdetzen diot nire buruari. Gutxienez, balio hauen jabe egin eta beren bidea inor zapaldu gabe, errespetuz egiten asmatuko ote duten… Eroriz eroriz ikasiko dute hauek ere ibiltzen eta… Horrelako txapela gehiagok horrelako buru gehiago estal ditzatela opa diot gure herriari! Txapeldunak, izan badirelako eta aurrerantzean ere izango direlako!