Atera dezagun garratzetik gozoena

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Ansa Zugarramurdi 2021ko mai. 16a, 11:00

Urriaren 22an Nafarroa 15 egunetarako itxi zuten. Inoiz izan diren 15 egun luzeenak. Oraindik, sei hilabete eta gero, bertatik ezin atera gabiltza eta, bizitza mugakide ditugun herrietan egitera ohituta gaudenontzat, egunerokoa asko aldatu da. Lanera bai, osasun arrazoiak tarteko mugitzen bagara, horrela ere bai, norbait zaintzeko bada ere bidea libre... baina bestela, ahaztu. Horrela daukagu ezarrita legea. 

Familia, batzuetan, mugakide dugun herri horietan dugu. Beti elkarri begira jarrita, baina ezin elkar ikusi, ezin ukitu, ezin besarkatu,... ezin begietara begiratu! 

Faltan izatea horrenbeste gauza, horrenbeste pertsona... badirudi haien bizitzen zatitxoak galtzen ari garela, eta aldi berean gure bizitzaren pasarte izateko aukera galtzen ari direla/garela. Ezina, etsipena, nekea, asperdura, nazka, bakardadea,... hain dira hitz gogorrak kontrapisurik egiten ez badiegu, ezta?

Ez daukat psikologian eta osasungintzan formaziorik, baina ausartuko nintzateke esatera, sentipen hauek sakonduz eta denboran luzatuz guregan irauten badute, geure buru-osasuna ez dela behar lukeen bezain osasuntsu egonen.

Eta ez daukat gauzei alde ona ikusten erakusten duen masterrik ere! Baina nire etxean maiz entzun izan dut, aurreak erakusten duela atzea nola dantzatu! Nahiz eta oraingoan aurrean dugun dantzakideak ez duen oso dantzazalea denaren itxurarik! 

«Kultura handikoak gara, edozeri buelta emateko jaioak!»

Guk badakigu dantzan, ordea! Badakigu kantuan, badakigu jolasten, txisteak kontatzen, badakigu istorioak kontatzen, baita irakurriz bidaia zoragarrietan murgiltzen ere! Horrenbeste gauza dakigu egiten... Horrenbeste gauza gorputza eta arima berpizten dizkigutenak eta merke-merkeak direnak! Merkeak eta egiten errazak! Kultura handikoak gara, edozeri buelta emateko jaioak! 

Gure herrietako mendietatik ondokoetara begira jarri eta gure bazterrak hobekiago ezagutzeko aukera bilatu dugu. Kanpora joan beharrik gabe gure herrian dauzkagun txokoak bisitatzeari ekin diogu. Hitz egiten ikasi dugu, lehen horrenbeste hitz eskainiko ez genion harekin. Beldurrik gabe ikasten lehen arreta jarriko ez genien gauzetatik!
Ikastea ez da inoiz alferrik izaten, ezta entzutea ere. Gure adinekoak, gure aiton eta amonak etortzen zaizkit gogora hau esaterakoan. Izan ere, entzun izanen duzue zuek ere gazteak baleki eta zaharrak baleza esaera, ezta? Ez nago horrekin erabat ados, baina aitortzen dut baduela arrazoitik ere. Gazteak horrenbeste du ikasteko eta zaharrak horrenbeste erakusteko…

Gure aiton-amonak oraindik gai dira jakintza hori guztia guri eskaintzeko, eta belarriak eta begiak erne edukitzea tokatzen zaigu guri! Youtuben sartu eta edozer gauza egiteko hiruzpalau tutorial ikusi eta gero, etxean edo auzoan dugunak esanen digu egin nahi dugun hori egiteko modurik egokiena zein den, eta… aizue! Herri jakintzak ez du etenik behar. Hortaz, zentzumenak erne eta atera diezaiogun zukurik gozoena egoera garratz honi. Hau guk beste inork ez du-eta goxatuko!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun