Baserriko lanak eta aitortzak

Aurten urriaren 15a inongo aitortzarik eta omenaldirik egin gabe pasa zait niri! Ederki akordatu naiz nire bizitzan, baserriaren bueltan, zalantzarik gabe nire erreferente izan diren emakume guztiekin, baina letra hauek idatzi arte, ez dut eskerrak nola eman jakin! Amonak, izebak, auzokoak,...

Letra hauek idazten ari naizela, hain zuzen ere, ama dut aurreneko hizpide, nahiz eta bi amonek pisu handia izan oroitzapenetan! Gure amak baserriko bizimoduaren transmisioa, bere modura, egin digu guri eta, azken aldian, gozatu ederra hartu izan dugu kontu, kantu eta istorio asko entzun baitiogu bere haurtzaroaz! Zorte handia dugu, balio handiko altxorra baita ahozko ondarea, eta honen gordailu eta transmisore asko izan baitugu guk familian, tartean ama.

Gure amak oroitzen duenez, gainerako lanak aski ez eta gizonezkoen pare aritu behar izaten zuten emakumeek auzolanetan. Eta auzolanetik etxera itzulitakoan, mahai gainean, ez zuten tokitik ateratako jakiekin otordua prestatu auzokoentzat. Haiek izango ziren, emakume haiek, lotsagatik, azkenak deus jaten gainera! 

«Mantalaurrekoarekin laburbiltzen du gure amak emakumearen lana baserrian».

Mantalaurrekoarekin laburbiltzen du gure amak emakumearen lana baserrian. Beti soinean eramaten zuten jantzia izaki, hark zertarako ez ote zuen balioko? Haren azpian zeramaten jantzia ez zikintzeko aurrena, gobara edo lixiba egitea ez zen-eta lan erraza izango orduan! Mantalaurrekoarekin kenduko zizkioten hautsak edozeri, eta ontziak lehortzeko ibiliko zuten. Sua pizteko zotzak ekarriko zituzten hartan, edo baratzetik eltzekoa prestatzeko beharrezko aleak eta barazkiak, onddo eta gaztainak menditik,... Inor kontsolatzeko beharrik bazen, umeen zaintza ez bainuke ahaztu nahi, bertan izango zuten gaztaina erre gogorturen bat edo zorterik bazen, goxokiren bat goxagarri, eta ume hauen 'mutur' zikinak garbitzeko ere erabiliko zuten. Inoren aurrean agertu behar izanda ere, nola ez, duin eta eder agertzeko beharra izango zuten oraindik ere, mantalaurrekoa bilduz eta egindako lanen zikinak ezkutuan gordez.
 
Emakumeak baserrietan egindako lan guztia ikustarazteaz hitz egiten dugu oraindik eta emakumea bera ere ez da sekula jabetu zenbat lan eta zenbat ardura hartu izan dituen bere bizkar gainean. Horrela egin behar zen, eta kitto! Eta gaur egun ere, nahiz eta horrelakorik ez esan, horixe bera dugu barneratua,... Egin eta kitto! 

Lehen esan dugu ahozko ondareak zenbateko garrantzia duen. Bada, galdetu eta hitz egin inguruko emakume baserritarrekin, horrelako jakintza ezin da-eta elkarbanatu gabe itzaltzen utzi! Eta hitz egin, ez adinekoekin bakarrik, gaur egun baserritik bizitzeko aukera egin duten emakume gazteak ere bai baitaude! Haiek erakusten digute, bizimodu hau erdigunean jartzea aukera bat dela, eta gero eta aukera hobea gainera! Errekonozimendua eta eskerrak, beraz, baserria ogibide bezala lantzen ari diren baserritar guztiei, eta bereziki emakumeei! 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun