Kontsumorako bertze egun bat

Erabiltzailearen aurpegia Aiala Zubieta Bertiz 2018ko mar. 23a, 14:27

Attaren eguna, hemen martxoaren 19an ospatzen dena, Vallecasen andereñoa zen Nely ezizenez ezagutzen den emakumeari zor diogu. 1948an, emakume honi eskolako umeen atta batzuk kexaka eta jeloskor joan zitzaizkion Amaren Eguna ospatzen baitzuten eta beraiek ere omenduak izan nahi zutela erranez. Andereño honek beraz, Aitaren Eguna ospatzea erabaki zuen, eta frankismoaren garaian hain errotuta zegoen katolizismoaren eraginez edo, San Jose eguna aproposena izanen zela pentsatu zuen, Nazareteko Jesus beraren aita lurtarra, familia buru kristaua, eredugarria, umila eta langilea irudikatuz hain zuzen ere.
Gaurkoan hala ere, ez naiz hasiko ni besta honek duen jatorri heteropatriarkal eta katoliko honi buruz eztabaidan, honek luzerako eman dezake eta. Gaurkoan, Attaren Egunak, bertze egun anitzek bezala, hartutako bide kontsumista eta komertzialari buruz ariko naiz, nahiz eta hagitz zaila izanen den, ezinezkoa ez erratearren, kontsumoa eta heteropatriarkatua bereiztea.

Goazen beraz besta honen jatorrira. Hasiera batean martxoaren 19a, atta omentzeko eguna zen, berekin eguna pasa, norberak egindako eskulan bat oparitu...Baina argi dago, enpresariek egun hau beraien salmentak igotzeko aukera moduan ikusi zutela, eta egun Attaren Egunarekin, merkatu eta kontsumoaren egun bat ospatzen dela. Marketinak zuzeneko eragina du gugan, eta erabat manipulatzen gaitu behar ez duguna erosteko eta bide batez gizarteko rolak markatzeko, eta gehiago nabarmentzen da horrelako egunak hurbiltzen diren heinean, helburua attari opari bat erostea baita, opari hori absurdoa bada ere. Eskaintza zabala izaten da, eta gizonezkoen afizioak, gustuak eta beraiek zein heroiak diren adierazten dituzten opariak eskaintzen dira orokorrean (bertze era bateko iragarkiak dira Amaren Egunekoak): futbol partida baterako sarrerak, ardo botila bat, taladroa, superAita jartzen duen supermanen katilua edo egun hauetan oparitzen diren hainbat objektu absurdo.
Enpresek pisu handia dute kontsumismoan, baina ez gaitezen engaina, enpresa hauen sostengu geu gara eta anitzetan ez dugu pentsatzen erosten ditugun objektuak benetan beharrezkoak ote ditugun, hauen sortze prozesua nolakoa den, edo bere erabilera amaitzean (edo guk erabakitzen dugunean bukatu dela, nahiz eta oraindik bere funtzioa bete) nora joaten den, eta honek guztiak ingurumenean eta gizartean zein eragin duen. Beraz, izan gaitezen argiak eta saia gaitezen kontsumo arduratsu bat egiten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun