Baztango Udaleko kultura batzordeak antolatuta, Ondoko hilobiko tipoa antzezlana izanen da ikusgai igandean, Iruritako Damaso Zabalza bilgunean. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa eta Aitziber Garmendia eta Iker Galartza aktoreak arituko dira oholtza gainean, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean. Komedia bikainaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek, hala dio bere sinopsiak: Zeinek esan… Neska pinpirina baserrian! Eta baserritar bat operan? Biak oraindik gazteak. Aiora: polita, gozoa eta alarguna. Pablo: zekena, egoskorra eta ezkongabea. Bi mundu ezberdin leku berean. Bata bestearen ondoan, kanposantuan. Aiora eta ondoko tipoa… Pablo. Maila sozial eta kultural ezberdinak aurrez aurre. Irribarre leun bat, ordea, nahikoa izango da bi protagonisten arteko sua pizteko. Ezinezkoa litzatekeena posible egingo duen istorio zoragarri honetako sua.