Ospakizun egun handia izanen da otsailaren 23a Iruritan

TTIPI-TTAPA 2013ko ots. 19a, 12:00

Rafa Ruedak eta Mikel Urdangarinek emanaldia eskainiko dute Bilgunean

Iruritan Eskuaraz ospatuko da otsailaren 23an eta horretarako ekitaldi politak antolatu ditu Gizarte Bilgunean Iruritako herriak, Baztandarren Biltzarraren eta Xorroxin Irratiaren laguntzaz. Lehenik, bigarren solairuan, Garazi Goienetxe bakarlaria ariko da 19:30ean eta 20:30an Mikel Urdangarin eta Rafa Ruedak emanaldia eskainiko dute. Sa­rrera 8 euro ordaindu beharko da. 
 
Segidan, Gizarte Bilguneko ostatuan eta sarrera doan dela, 22:30ean Baztango bertso eskolakoen ber­tso musikatuak aditzeko aukera izanen da. 23:30etik 01:30 arte Trikidantz taldea ariko da eta bestak segi dezan, DJ Tirri-Teri ariko da gero.
 
HAUR-GAZTE KANTARIEN BIGARREN TOPAKETA
Elizondoko abesba­tzak, Iruritako parrokiaren eta Iruritako Guraso Elkartearen lagun­tzarekin, Baztango Haur-gazte kantarien II topaketa antolatu du Iruritan, otsailaren 23an atsal­deko 7etatik aitzinera. Musika korala ezagutu, dituzten aurreiri­tziak gainditzeko, musika kantatuz, gozatu, kantatzeaz gain, mugimendua ere landu eta kultura ekitaldi desberdinetan parte hartzea dira Topaketa honen helburuetako batzuk.
Bertan haur andana bilduko da elkarrekin abesteko (iaz 150 haur inguru), Elizondoko Abesbatza Ttikikoak, Giltzarri Txikikoak, Baztango herrietako eskoletakoak, Baztan Ikastolakoak, San Francisco Javier ikaste­txekoak eta Lekaroz BHIkoak. Pianoa jotzen Rodrigo de Vera ariko da, akordeoian Guru­tze Aizpuru eta Izaskun Iparagirre eta zuzendari lanak Kristina eta Maki Urtasunek beteko dituzte.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun