Irunen eta inguruko herrietan igogailuak muntatzen eman zituzten lehenbiziko pausoak eta urteekin lan eremua zabaltzen joan dira: «Irunen dugu enpresa, baina Euskal Herri osoan aritzen gara lanean. Gipuzkoatik hasi eta Bizkaian Durangora arte, baita Nafarroako iparraldean ere. Bortziriak, Baztan, Malerreka eta Xaretan urteak daramatzagu zerbitzua eskaintzen». Esaldi batean laburbildu du egiten duten lana: «mota guztietako igogailuen diseinuan, instalazioan, konponketan eta mantentze lanetan aritzen gara». Helburu argi batekin: «gure bezeroen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten dugu, etxebizitzetako irisgarritasuna hobetzeko sistemak eskainiz».
Neurrira egindako irtenbideak
Eraikin pribatu eta publikoetan irisgarritasun arazoak konpontzeko hainbat alternatiba eskaintzen dituzte: «igogailuak, plataforma hidraulikoak, karga edo plateren igogailuak... kasu bakoitza aztertzen dugu, bezeroaren eta eraikinaren beharretara hobekien egokitzen diren produktuak eta irtenbideak eskaintzeko». Eraikuntza berrietan aritzen dira eta igogailuen zaharberritzeak ere egiten dituzte: «araudia zorrozten doa eta segurtasuna bermatzeko, hainbat moldaketa egin behar izaten zaizkie aurretik jarrita dauden makinei». Igogailurik ez dagoen eraikin zaharretan «igogailuarentzat tokia egitea» ere bada beraien lana. Horregatik, eskaera bat jasotzen dutenean, bertara joan eta egitura ikustea izaten da lehenbiziko pausoa: «izan ditzakegun zailtasunak ikusi eta igogailua, non eta nola jarri behar den erabakitzeko bertatik bertara ikusi beharra dago. Guk, hutsetik, diseinatzen dugu igogailua eta, horrela, neurri estandarretara mugatu beharrik gabe, espazioa ahalik eta gehien aprobetxatzen dugu».
Igogailua jartzeko egin beharreko moldaketak handiak izaten dira batzuetan, «eskailera osorik bota, lekuz aldatu, ataria berritzea...». Obra guztia koordinatzeaz beraiek arduratzen dira, «guretzat lan egiten duten konfiantzazko gremioak ditugunez, epeak ahalik eta gehien murriztea lortzen dugu. Obrak irauten duen bitartean eraikin horretan bizi direnen egunerokoan ahalik eta kalte gutxien eragitea lortzen dugu horrela».
Igogailuen mantentze lanak dira eskaintzen duten beste zerbitzuetako bat: «urteko 365 egunetan, 24 orduz eskaintzen dugu zerbitzua». Edozein igogailu markekin lan egiten dutela ere argitu du: «konponketaren bat egin beharko balitz, marka guztietako pieza originalak ditugu». Mantentze lan horien barrenean daude aldizkako azterketak ere. Zerbitzu integrala da eskaintzen dutena: «zerbitzu profesionala, kalitatezkoa eta beharrezko berme guztiak eskaintzen dituena».