San Juan Xar natur erreserba aukeratu du Guia Repsolek Nafarroa ordezkatzeko 2014ko Txokorik Onenaren lehiaketan, estatu osoko bertze 16 lekurekin batera, komunitate autonomo bakoitzeko bat. Orain, Internet bidez hautatzeko aukera izanen da abuztuaren 26ra bitarte. Finalista geldituko diren bi herriak orduan jakinaraziko dituzte eta erabiltzaileen artean botu gehien jasotzen duena izendatuko dute irabazle irailaren 16an.
Lehiaketaren lehen fasean, guiarepsol.com webguneko erabiltzaileak izan dira protagonista, 1.034 leku proposatu baitituzte aurtengo txokorik onena izateko. Nafarroan, ondareagatik edo naturagatik bereziak diren 26 leku proposatu dituzte eta horien artean San Juan Xar nagusitu da, naturaren bitxi bat delakoan, «urak eta landarediak paradisu ttiki bat osatzen duen eremua».
Izpirituaren santutegi bat, naturaren santutegi baten baitan. Horixe omen da San Juan Xar. Penintsula osoan xarma (Carpinus betulus) baso bakarra duen erreserba izateaz gain, baseliza-lezean hiru iturri daude, azaleko eritasunak sendatzen omen dituen urarekin. Ohiturak dio, lehenik hiru iturrietatik edan behar dela, gero zapi batekin mindutako gorputz atalak igurtzi eta gero iturri inguruetan utzi behar direla zapiak.
Hirugarren edizioa du Guia Repsolen lehiaketa honek. 2012an Olivenzako Magdalena eliza, Badajozen, izan zen irabazlea eta joan den urtean Karrantzako Pozalagua lezea, Bizkaian. Lehiaketa irabazi eta aunitz igo da leku hauetan bisitari kopurua.
DATUA
1.034
LEKU
proposatu dituzte estatu osoan txokorik politena
izateko, 26 Nafarroan,
eta hauen artean San Juan Xar aukeratu dute.