Igantziko San Migel bestak irailaren 28an, astearte arratseko 20:00etan botako den altxaferoarekin hasiko badira ere, asteburu honetan besta giroan sartzen joateko ekitaldiak ere izan dituzte. Nagusiena, igande arratsaldean jokatutako XXXI. Artzai Zakur lehiaketa izan da, baina larunbatean, haurren arteko pilota partidak, plater tiroketa, dantza saioak eta bertso afaria ere izan zituzten. Igande goizean berriz, txistularien karrika buelta, haurren herri kirol ekitaldia eta gazta lehiaketaren laugarren edizioa izan ziren.
Gaztarik onena Antsoneberrikoa
Biltoki Elkarteak, Bertizko Partzuergoaren eta Igantziko Udalaren laguntzaz antolatutako gazta lehiaketan, aurtengoan hamar gazta aurkeztu dira eta Antsoneberriko Enkarnita Etxeberria suertatu da garaile. Bigarrena Goiz Argiko Juxta Sein izan da eta hirugarrena Argarategaraiko Elena Retegi. Halaxe erabaki zuen Juankar Unanua, Karmen Hita, Txema Arbelaitz, Joxepa Etxeberria eta Agustin Sainzek osatutako epaimahaiak.
Irikin eta Xintxo nagusi artzain zakur lehiaketan
Arratsaldean, berriz, Artzai zakur lehiaketaren hogeita hamekagarren edizioa jokatu zen Meakaundiko zelaian. Zortzi artzain aurkeztu ziren, bere zakurrekin. Lehenbiziko saioaren ondotik, azken probetarako lau partehartzaile gelditu ziren: Itsasuko Jean Paul Irikin, Xintxo zakurrarekin; Azpeitiko Matxinbentako Pello Segurola Artzai zakurrarekin; Atxako Jose Antonio Arrillaga Linda zakurrarekin eta Zumaiako Larrondoko Mikel Garaiar Mendi zakurrarekin. Hauen artean, Jean Paul Irikin eta Xintxo nagusitu dira hondar probetan, Mikel Eguren eta Jose Luis Saizar epaimahikideen arabera. Pello Segurola Artzairekin eta Jose Antonio Arrillagak Lindarekin osatu zuten podiuma.
Oiartzungo Mikel Aizpuruak Beti zakurrarekin, Aiako Pello Pagadizabalek Lantz zakurrarekin, Amaiurko Felix Irigoienek Peio zakurrarekin eta Oronozko Jorge Oteizak Azeri zakurrarekin ere parte hartu zuten Igantziko lehiaketan.
Eguna borobiltzeko, Sagardo besta ere egin zen plazan, eta gazta lehiaketako.