Auzitegi Nagusiak atzera bota du ikurrina jartzeagatik ezarritako zigorra

TTIPI-TTAPA 2014ko urriaren 16a

Nafarroako Gobernuak ez zion aurretik jakinarazi udalari ikurrina kendu behar zuenik

 Nafarroako Gobernuak prozeduran egindako akats batengatik, Udalak ez du zigorra bete beharko. Udalak iku­rrina jarri zuen udaletxean, Eman hitza Nafarroa­ri, eman Euskal He­rria­ri pankartaren alboan. Iruñeko Admnistrazioarekiko Auzitegiak iragan apirilean zigortu zuen udala, baina, helegitea jarri ondotik, auzitegiak arrazoi eman dio, eta­ atzera bota du zigorra.
 
Salaketa jarritakoan gobernuak arrazoitu zuen Goizuetako Udalak «EAEko bandera ofiziala» jarri zuela pankarta baten alboan eta ordenamendu juridikoaren aurkako neurria zela. Lehen auzialdiko epaitegiak arrazoi eman eta gero, udalak apelazio errekurtsoa aurkeztu zuen. Alde batetik, argudiatu zuen Nafarroako Sinboloen Legearen arabera bandera ken­tzeko eskaera egitera behartuta zegoela gobernua eta ez zuela egin. Bestetik, udalak berak ikurrina kendu egin zuen urriaren 22an, eta hala jakinarazi zion epaitegiari. Auzitegi Nagusiak aintzat hartu ditu azalpenok, eta haren epaia irmoa da.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun