Trabukoren kantako misterioak argitu eta argitaratu ditu Patziku Perurenak

Esteban Arotzena 2010ko uzt. 8a, 12:04

Goiko argazkian, Patziku Perurena, eta behekoan, kaleratu berri duen liburuaren azala. Artxiboko argazkia

Karretoko semeak liburua kaleratu du Alberdaniarekin

Mikel Laboa haundiaren ahotsari esker hain ezagunak diren Trabukoren bertsoetan kontatzen den historiari buruzko zalantza guz­tiak argitu ditu Pa­tziku Perurenak orain dela aste batzuk plazaratutako liburuan.
Berdabio baserrian bizi zen maizter Joseph de Echagarai, Trabukoren salaketaren ondorioz Iruñean kartzeleratu zutenean. 1747an gertatu zen hori. «Fabricadores y expendedores de dieciochenos» omen ziren historiaren protagonista den Echagarai eta beste hiru lagun –Echeverria, Qui­llaberri eta Navaz–, diru faltsuaren egileak, alegia. Elizetan eta ermitetan lapurtutako zilarra erabiltzen omen zuten horrretarako.
Karretoko idazle eta ikertzaileak Iruñeko Artxibo Haundian aurkitutako datuen arabera, lau egunetan egin zuten akusatuek Goizuetatik Iruña bitarteko bidaia, zaldi gainean eraman baitzituzten. Echagaraik bertsoetan dioena ere, egia dela garbi azal­tzen omen da, bi seme eta hiru alaba uzten zituenarena, esate baterako. Zaharrenak 9 urte omen zituen aita preso hartu zutenean. Lau kondenatuak urkatuak izan zirelako kontua, berriz, ez omen da egia, azkenean libre gelditu baitziren pobretzat deklaratu zituztelako.
Goizuetan bada gizon bat. Trabukoren kantako misterioak izenburua eman dio Perurenak 436 orriko liburuari. Alberdaniak argitaratu du eta 24,50 eurotan dago salgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun