Jon Elizetxe gartzaindarrak irabazi du Nafarroako bertsolari gazteentzako Xalto sariketa

TTIPI TTAPA 2009ko abe. 1a, 15:20
Xalto Sariko partehartzaileak larunbatean Goizuetan, sariak banatu ondotik. Fermin ETXEKOLONEA

Goizuetako finalerako sailkatu zen Josu Sanjurjo lesakarra ere

Larunbatean jokatu zen bi urtetik behin egiten den bertsolari gazteentzako Xalto sariketa. Goizuetako udaletxeko ganbaran, Nafarroako hamalau bertsolari aritu ziren, eta goizeko eta arratsaldeko saioen ondoren Jon Elizetxe gartzaindarrak jantzi zuen txapela.
Goizuetako feria egunean, giro ezin hobean, egin zen aurtengo Xalto. Lehiaz haratago, sariketa honek Nafarroako bertsolari gazteen sustapenerako eta trebatzerako bide eman nahi du eta aurten ere helburu hori bete du.
Iaz izaera beretsua duen Mariano Izeta sariketa eskuratu ondoren, aurten Xalto irabazi du Jon Elizetxek. Hala ere, sailkapena estu-estu joan zen; Elizetxeren atzetik puntu erdira Aimar Karrika auriztarra sailkatu zen, eta haren puntu erdira, Eneko Lazkoz etxarriara sailkatu zen. Horiekin batera, Saioa Alkaiza, Joseba Beltza eta Josu Sanjurjo izan ziren finalean.
Aurtengo Xalto sariketan honako bertsolariek hartu zuten parte: Aimar Karrika, Joseba Beltza, Alazne Untxalo, Egoitz Gorosterrazu, Eneko Lazkoz, Iker Gorosterrazu, Ioar Tainta, Jon Elizetxe, Oier Lakuntza, Saioa Alkaiza, Iñaki Aleman, Josu Sanjurjo, Jose Luis Barberia “Zili” eta Joseba Zabaleta. Azken bi hauek Leitzako bertso eskolako kideak dira eta estreinakoz aritu ziren bertsotan taula gainean.
Nafarroako Bertsozale Elkartea da Xalto sariketaren antolatzailea, eta Goizuetako Udalak emandako laguntza eskertu nahi du. Horrez gain, Euskarabidea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa ere izan du sariketak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun